Mikel Jauregi Industriako sailburuak Tecnalia bisitatu du, Euskadiko teknologiaren eta ikerketa aplikatuaren ekosistemako erreferentzia-zentroa
- "Ikerketak eta teknologiak benetako zentzua hartzen dute gure ekonomia produktiboaren eta gure enpresen zerbitzura jartzen ditugunean, eta TECNALIAk ederki betetzen du hori. 2023an, bezeroen % 73 ETEak izan ziren, eta horiek osatzen dute EAEko ekonomiaren oinarria" adierazi du Jauregik.
- TECNALIAk jarduera-eremuak ditu fabrikazio adimendunean, energia berriztagarrietan, mugikortasun jasangarrian eta adimen artifizialean, besteak beste, eta, gaur egun, ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da Estatuan.
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak TECNALIAk Derion Bizkaiko Parke Teknologikoan dituen instalazioak bisitatu ditu gaur. Han, Jesús Valero Tecnaliako zuzendari nagusiak egin dio harrera. Haiekin batera, Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Urbanoaren zuzendari José Luis Elejaldek, Industria eta Mugikortasuneko zuzendari David Sánchezek eta Garapen Korporatiboko eta RRIIko zuzendari Elena Schaeidtek ere parte hartu dute bisitan.
TECNALIA, Europan erreferentzia den ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa, BRTA - Basque Research and Technology Alliance aliantzako kidea da, EAEko beste 16 zentro teknologikorekin batera. Egoitza nagusia Donostian du, Gipuzkoako Teknologia Parkean; halaber, instalazio ugari ditu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Zaragozan eta Madrilen, eta ordezkaritzak ditu Txinan, Kolonbian, Frantzian, Italian eta Serbian. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
Bisitan, Mikel Jauregi sailburuak aukera izan du bere sailak legegintzaldi honetan ikerketaren eta teknologiaren arloan dituen lehentasunak partekatzeko TECNALIAko zuzendaritzarekin, baita zentroak esparru horietan dituen ildo estrategikoak zuzen-zuzenean ezagutzeko ere. Ondoren, TECNALIAren instalazio berezi batzuk bisitatu dituzte; besteak beste, honako arlo hauetara bideratutakoak: smart grid-ak, zibersegurtasuna eta adimen artifiziala, offshore energia berriztagarriak, sentsorika kuantikoa, ikusmen artifizialean oinarritutako adimen artifiziala eta mugikortasun jasangarria - gidatze autonomoa.
I+G+B arloa ekoizpen-sare ekonomikoaren zerbitzura
Gaur egun, TECNALIAk 1.520 langile baino gehiago ditu, eta horietatik 315 doktoreak dira; 137 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu aurreko ekitaldian. Horregatik guztiagatik, TECNALIA da, gaur egun, Estatuko ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentrorik handiena.
Mikel Jauregi sailburuak baloratu duenez, "TECNALIA bete-beteko erreferentzia da Euskadiko, Estatuko eta Europako teknologia- eta ikerketa-ekosistemarako, eta gure bandera-ontzietako bat bilakatu da berrikuntzaren arloan. Ziur gaude I+G+B arloak benetan zentzua hartzen duela gure sare ekonomiko produktiboaren zerbitzura jartzen dugunean, helburu hauekin: aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzea, gure enpresen lehiakortasuna handitzea eta gizarte gisa dugun bizi-maila hobetzen duten erantzunak ematea etorkizuneko erronka konplexuei. Enpresarako transferentzia teknologikoa benetan betetzen da TECNALIAn: 2023an, ETEak izan ziren bezeroen % 73, eta hori bat dator Euskadiko errealitate ekonomikoarekin, haren oinarria baitira enpresa txiki eta ertainak".
"TECNALIA aitzindarietako bat da herrialde gisa dugun etorkizunerako funtsezkoak diren arloetan, hala nola fabrikazio adimenduna, energia berriztagarriak, mugikortasun jasangarria edo adimen artifiziala" baloratu du Jauregik. "Herri gisa, harro sentitzeko modukoa da TECNALIA bezalako aliatu garrantzitsu bat izatea Euskadiren etorkizuna definituko duten erronkei aurre egiteko. Ziur gaude funtsezko kidea izango dela industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago izateko bidean ".