Prentsa-oharra

TECNALIAk aurrea hartu die enpresen eta gizartearen beharrei

2025ko martxoaren 17a
TECNALIA se anticipa a las necesidades de empresas y sociedad

TECNALIAk aurrea hartu die enpresen eta gizartearen beharrei, eta % 27 handituko du industriarekiko jarduera 2027rako

  • Merkatuen ziurgabetasuna eta konplexutasuna nagusi diren testuinguru honetan, ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak Plan Estrategiko berria jarri du martxan, enpresen beharrei erantzuteko eta honako ardatz hauen bidez laguntzeko: berrindustrializazioa bultzatzea, talentu bikaina sustatzea, industria-sarearen arazoei aurrea hartzea eta eragin ekonomiko eta soziala maximizatzea.
  • Hori posible egiteko, bi zutaberen gainean eraiki du bere estrategia: alde batetik, bikaintasunaren gune estrategikoak bultzatzea, hala nola automatizazio malgua, zibersegurtasuna, sare elektrikoen digitalizazioa, hidrogenoaren sorkuntza eta banaketa, eraikuntzaren smartizazioa edo sendagaiak fabrikatzeko teknologiak; eta, bestetik, teknologia kritikoak garatzea, hala nola adimen artifiziala, kuantika, robotika adimenduna eta material aurreratuak.
  • Plan horren bidez, hazten jarraitzea da helburua, ingurunean duen eragin-ahalmena handitzeko; hala, hiru urte barru 170 milioi euroko diru-sarrerak lortzea aurreikusten da. Horretarako, 2030era arte azpiegituretan 120 milioi eurotik gorako inbertsioak egingo direla iragarri du; esate baterako, mugikortasunerako Gipuzkoako Mubilen eraikin berrian, Bizkaiko sare elektrikoetarako instalazioak handitzean eta sua kudeatzeko azpiegiturak handitzean.

Bilbo. 2024ko abenduaren 12a. TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak Plan Estrategiko berria jarri du martxan. Datozen hiru urteetan jarriko du arreta, enpresen eta gizartearen beharrei erantzuteko, merkatuen gaur egungo konplexutasunaren testuinguruan. Patronatuak onartu du 2025-2027 Plan Estrategikoa, eta haren helburua da TECNALIAk enpresen eraldaketa-eragile gisa duen zeregina indartzea eta haiei etorkizuneko erronketara egokitzen laguntzea, ardatz hauen bidez: berrindustrializazioa bultzatzea, talentu bikaina sustatzea, industria-sarearen arazoei aurrea hartzea eta eragin ekonomiko eta soziala maximizatzea.

Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiaren arabera, “gizarte gisa erronka berriei egin behar diegu aurre, eta, horien ondorioz, enpresak konplexutasun eta ziurgabetasun handiko egoeran daude gero eta gehiago. Aldaketen abiadura handia dela eta, enpresa-ehunak gero eta tentsio handiagoa jasaten du, eta, horregatik, berrindustrializazioa premiazkoa bihurtu da merkatuaren eskakizun berrietara eta trantsizioen erronketara egokitzeko. Gure Plan Estrategikoa erronka horiei erantzuteko tresna bat da, TECNALIAn ikerketa teknologikoa oparotasun bihurtzeko ardura baitugu, enpresei laguntzeko eta mundu hobea eraikitzeko”.

Hori lortzeko, TECNALIAk bi zutaberen gainean eraiki du bere estrategia: bikaintasunaren gune estrategikoak bultzatzea eta teknologia kritikoak garatzea. Palanka horien bidez, TECNALIAk ingurunea eraldatzen lagundu nahi du, horretarako profesional bikainak erakarriz eta berrikuntza irekiko estrategia baliatuz, azkarrago eta urrunago iristeko.

Lehenik eta behin, bikaintasunaren gune estrategikoak haien merkatu-potentzialagatik eta gizartearentzat duten balioagatik estrategikoak diren eremu teknologikoak eta merkatu-eremuak dira. Hauek dira, besteak beste, TECNALIAk bere hazkunderako sustatuko dituen bikaintasun-foku estrategiko horiek: automatizazio malgua, zibersegurtasuna, sare elektrikoen digitalizazioa, sua kontrolatzeko teknologiak, hidrogenoaren sorkuntza eta banaketa, eta azpiegitura berezietarako fabrikazio-prozesuak eta materialak, eraikuntzaren smartizazioa eta sendagaiak garatzeko eta fabrikatzeko teknologiak. Valeroren hitzetan, “gure helburua da enpresek eta gizarteak arlo horietan dituzten behar estrategikoetarako soluzio berriak aurkitzea, eta etorkizunean sortuko zaizkien behar estrategikoei aurrea hartzea”.

Bigarrenik, nagusiki adimen artifizialean, kuantikan, robotika adimendunean eta material aurreratuetan oinarrituko da, teknologia kritikoak baitira trantsizioen erronkei heltzeko eta soluzioak garatzeko transformazio digitalean, fabrikazio adimendunean, trantsizio energetikoan, mugikortasun jasangarrian, hiri-ekosisteman eta osasun pertsonalizatuan.

Gainera, balio erantsi handiko teknologietan oinarritutako industria-sare berria sortzea da Plan Estrategiko honen beste erronka bat, ingurunea berrindustrializatzen laguntzeko eta berrikuntza-zentroen sorrera bultzatzeko. Hala, startup berriak sortzeaz gain, fakturazioa, enplegu-sorrera eta TECNALIAk sortutako enpresen balioa bikoiztea da erronka. Hori dela eta, 2027rako 25 milioi euroko diru-sarrerak lortzea aurreikusten da, 220 pertsona baino gehiagoko taldea izatea, eta startup horien balioa 250 milioi euroraino handitzea.

Plan horren arabera, helburua hazten jarraitzea da, ingurunean eragiteko duen gaitasuna handitzeko. Hala, zentroak % 27 haztea aurreikusten du, eta 2027an ia 170 milioi euroko fakturaziora iristea. Inpaktuaren araberako kudeaketari dagokionez, % 10etik gorako hazkundea aurreikusten da, bai BPGarekiko ekarpenari dagokionez, bai enplegu-sorrerari, eragin fiskalari eta bezeroekiko inpaktuari dagokienez.

Bestalde, plan hori martxan jartzearekin batera, TECNALIAk iragarri du 120 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak egingo dituela azpiegituretan 2030era arte, enpresei soluzioak emateko gaitasuna handitu ahal izateko; besteak beste, inbertsioak egingo ditu mugikortasunerako Gipuzkoako Mubil eraikin berrian, Bizkaiko sare elektrikoetarako instalazioen handitzean eta sua kudeatzeko azpiegituren handitzean.

Balantzea eta arrakasta-kasuak

2025-2027 Plan honek aurreko Plan Estrategikoak egindako lanarekin jarraitzen du. Alex Belaustegui TECNALIAko presidentearen hitzetan, “asmo handiko plana zen, baina helburuak bete ditugu, maila kualitatiboan eta kuantitatiboan. Enpresen berrikuntzarako laguntza eta industria-sare berria sortzeko laguntza handitu ditugu startupak sortuz, erakundeak talentua erakartzeko duen gaitasuna are gehiago hobetu dugu, eta TECNALIA erakunde irekiagoa izatea lortu dugu. Eta hori guztia 1.500 profesionaleko taldearen pertseberantziari eta lan bikainari esker egin dugu”.

Plan Estrategiko honetan, enpresei eta gizarteari eragiten dieten teknologiak garatzen aritu da buru-belarri TECNALIA. Garatutakoen artean, nabarmentzekoa da Deskarbonizazio Plana. Horri esker, bere zuzeneko jarduera karbonotan neutroa izan da dagoeneko 2024an, eta bere hornikuntza-katera hedatuko du 2030erako.

Energiaren arloan, laborategi aitzindari bat jarri dute abian hidrogenoa sortu, biltegiratu, garraiatu, banatu, erabili eta haren segurtasuna bermatzeko teknologiak garatzeko. Gaur egun, 50 proiektutik gora daude martxan hidrogenoaren teknologiak ikertzeko eta baliozkotzeko, baita teknologia horiek eskalatzeko eta, hortaz, industrializazioa bizkortzeko ere.

Osasunaren arloan, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera Euskadiko funtzio anitzeko lehen bioinprimagailua garatu du farmazia-industriarako. Hari esker, terapia pertsonalizatuak garatu ahal izango dira pediatriaren, zahartze osasungarriaren, medikuntza birsortzailearen eta ehun-ingeniaritzaren arloetan, fabrikazio aditiboko teknologien bidez.

Digitalizazio industrialaren esparruan, hiru plataforma disruptibo jarri dira martxan, superkonputazioko zentro bat, datu-laborategi bat eta hodei pribatu bat konbinatzen dituztenak, enpresen transformazio digitala bizkortzeko. Hori garatzeko, enpresa-sareen digitalizazioan nazioarteko liderrak diren Arista, Dell, Nvidia eta Red Hat enpresekin lankidetzan jardun dute, eta, gaur egun, superkonputagailu hori 60 enpresa baino gehiagoren 100 proiektu baino gehiagotan ari da lanean.

Gainera, azken Plan Estrategiko honetan, TECNALIAk zenbait startup-en hazkundea sustatu du: H2Site, hidrogenoaren arloan aitzindaria; Fesia, errehabilitaziorako elektroestimulazio funtzionaleko gailuak garatzen dituena; Crisalion, mugikortasun elektriko aurreratu, eraginkor, seguru eta jasangarriko soluzioak garatzekoa, airekoak zein lurrekoak; eta Neo Surgery, eremu espazialean inplanteak egiteko gailuak sortzen dituena.