Prentsa-oharra

Euskadi 2030 Agenda Sariak TECNALIA aitortu du GJHekin duen konpromisoagatik

2025ko martxoaren 21a
Premio Euskadi Agenda 2030.

Euskadi 2030 Agenda Sariak 60 erakunde aitortu ditu Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) duten konpromisoagatik

  • Euskadi 2030 Agenda Sariaren lehenengo edizioa Lehendakaritzan (Gasteiz) egin da gaur, otsailaren 24ean, Imanol Pradales lehendakaria buru izan duen zeremonia batean
  • 10 erakunderi Aurreratua bereizgarria eman zaie, guztien artean garrantzitsuena; 16ri Bidean bereizgarria eman zaie, eta 34ri, Konpromisoa bereizgarria. Hitzorduan erakunde protagonista guztiak bildu dira.

Bilbo. 2025eko otsailaren 24a. Tamaina eta jarduera-sektore guztietako 60 erakundek jaso dituzte Euskadi 2030 Agenda Sariaren lehenengo aitorpenak Lehendakaritzan. Aitortutako erakundetako bat TECNALIA izan da.

Sariaren bultzatzailea Lehendakaritzako Komunikazio eta Gizarte Berrikuntzako Idazkaritza Nagusiko Gizarte Berrikuntzako eta 2030 Agendako Zuzendaritza izan da, asmo honen arabera: GJHak lehiakortasun jasangarriko elementu gisa kudeaketan integratzearen garrantzia aldarrikatzea eta zabaltzea, eta erakundeen konpromiso eraginkorra lortzea.

Aitorpen horiek bi helburu dituzte:

  • Erakunderik aurreratuenak identifikatzea, GJHei lotutako haien kudeaketako jardunbide egokiak beste batzuen pizgarri eta erreferentzia izan daitezen.
  • Publikoki aitortzea erakunde horiek egin duten ahalegina, bai eta GJHen arloan lortu duten aurrerapen- eta ekarpen-maila ere.

Aitorpen horiek lortzeak berekin dakar erakunde batek aldez aurretik erakustea aurrerapen-maila bat eta emaitza batzuk lortu dituela. Horretarako, EUSKALIT Fundazioak ebaluaziorako online plataforma bat garatu du, zeinaren bidez erakundeei eta enpresei kanpo-kontrasteko zerbitzua ematen baitie, betiere GJHak kudeaketan txertatzeko esparrua hartuta erreferentziatzat.

Erakundeko zuzendaritza-taldearen eta EUSKALITeko GJHei buruzko Ebaluazio Klubeko kideen arteko bilera batean egiten da kanpo-kontrastea. Pertsona horiek adituak dira kudeaketa aurreratuari eta jasangarritasunari buruzko gaietan, eta kanpo-ikuspegi bat ematen dute, zeina lagungarria baita erakundearentzat bere egoera ezagutzeko eta esparru horretako erronka nagusiak identifikatzeko.

Euskadi 2030 Agenda Sariaren mailak

Autoebaluazio osoa online plataforman egiten duten erakundeek oinarrizko mailako aitorpena jasoko dute: Konpromisoa.

Horrez gain, ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituzten erakunde guztiek kanpo-kontrastea jasotzeko aukera dute. Horren bidez, aitorpen ertaina eskuratuko dute: Bidean.

Erakundeak kanpo-kontrastean maila jakin bat gainditzen badu, maila Aurreratua lortuko du.

GJHak enpresen eta erakundeen kudeaketan txertatzeko esparrua

Esparru hori hausnarketarako, diagnostikorako eta hobekuntzarako tresna gisa eskaintzen da, 2030 Agendarekiko eta Garapen Jasangarrirako Helburuekiko (GJH) konpromisoaren bidez garapen jasangarriaren alde egin nahi duen edozein erakunde-motarentzat. Erakunde bakoitzak bere egoera, interes eta beharretara egokitu dezakeen lan-tresna bat da.

Helburua da metodo bat eskaintzea, erakunde baten kudeaketa-sistemak GJHekin eta garapen jasangarriaren ikuspegitik duen lerrokatze-maila analizatzeko. Abiapuntutzat hartzen da 2030 Agendaren aldeko apustua ez dela erakundearen jarduerarekin zeharka lotutako ekintza puntualak egitea; kudeaketaren esparru guztien gogoeta egituratua egitea eskatzen du apustu horrek.

GJHei eta Kudeaketa Aurreratuari buruzko Ebaluazio Kluba

GJHei eta Kudeaketa Aurreratuari buruzko Ebaluazio Kluba 80 pertsona inguruk osatzen dute gaur egun. Euskal erakundeei eremu horietan modu altruistan laguntzeko interesa dute, bai eta, horrela, GJHetan eta kudeaketa aurreratuan duten ezagutza eta esperientzia handitzekoa eta garatzekoa ere. Guztiek jasotzen dute esparruari eta kanpo-kontrasteko eta -ebaluazioko dinamikari buruzko prestakuntza espezifikoa, zeinari esker ekimen honetan parte hartu nahi duten erakundeei laguntzeko aukera izango baitute, bai eta ezagutza hori beren erakundeetara zabaltzekoa ere.