Prentsa-oharra

Osasunaren sektoreko teknologiak dituzten bost startup sustatzen ari gara

2023ko otsailaren 20a
TECNALIA impulsará en 2023 cinco startups con tecnologías punteras en el sector salud

TECNALIAk osasunaren sektorean puntako teknologiak dituzten bost startup sustatuko ditu 2023an

  • Ikerketa eta garapen teknologikoaren zentroak laguntza- eta aholkularitza-programa bat du, ingeniaritza biomedikoa, robotika medikoa, neuroingeniaritza edo osasun digitala ardatz dituzten oinarri teknologikoko enpresa sortu berrientzat.
  • Programaren lehen edizio honetarako, enpresa hauek aukeratu dira: Biolan Health (Bizkaia), Diten Realities (Alacant), Neuroscience innovative Technologies (Asturias), Inrobis Social Robotics (Madril) eta IMAZ Technology Innovation (Bartzelona)
  • Hala, bost startups horiek laguntza teknologikoa eta aholkularitza izango dituzte, premiak identifikatzeko eta zerbitzu eta produktuak hobetzeko, baita balio-kateko beste enpresa eta erakunde batzuekiko esperientziak eta konexioak sustatzeko laguntza ere.
  • Gaur, TECNALIAk Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dituen instalazioetan bat egin dute enpresa horietako guztietako ordezkariek, zentroko zuzendari nagusi Jesús Valerok zuzendutako topaketa batean, urte honetarako aurreikusitako proiektuak martxan jartzeko.

2023ko otsailaren 14a. Industria teknologikoak etengabe ari dira hazten, zenbait esparrutan, hala nola osasunean, aplikatzen diren hobekuntzak direla eta. Izan ere, medikuntza modernoa geratzeko etorri da. Horregatik, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak babes- eta laguntza-programa bat jarri du abian ingeniaritza biomedikoan, robotika medikoan, neuroingeniaritzan edo osasun digitalean diharduten osasun-sektoreko startup-ei zuzenduta.

2023 honetarako, oinarri teknologikoko bost enpresa sortu berri hautatu ditu, eta enpresa horiek sustatu egingo ditu laguntza teknologikoan, premiak identifikatzeko eta zerbitzu eta produktuak hobetzeko aholkularitzan eta balio-kateko beste enpresa eta erakunde batzuekiko esperientziak eta loturak indartzeko laguntzan oinarritutako estrategia baten bidez. Aurtengo enpresak Biolan Health (Bizkaia), Diten Realities (Alacant), Neuroscience innovative Technologies (Asturias), Inrobis Social Robotics (Madril) eta IMAZ Technology Innovation (Bartzelona) dira.

Gaur, TECNALIAk Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dituen instalazioetan bat egin dute enpresa horietako guztietako ordezkariek, zentroko zuzendari nagusi Jesús Valerok zuzendutako topaketa batean, urte honetarako aurreikusitako proiektuak martxan jartzeko.

Bost proiektu, osasunaren etorkizunerako

Biolan Health Bizkaian dago eta 2015ean sortu zen. Enpresaren helburua biosentsore elektrokimikoetan eta albo-fluxuko immunosaiakuntzetan oinarritutako gailuak eta sistemak garatzea da, in vitro diagnostikoari aplikatzekoak. Teknologia jada merkaturatze-fasean dago, eta, TECNALIAren eskutik, teknologia berriak aztertu eta beren egungo sistemetan integratu nahi dituzte.

Diten Realities startup-a Villenan sortu zen, Alacanten, 2022an. Medikuntzara aplikatutako gailu teknologikoak garatzen dihardu, diagnostiko goiztiarra, patologiaren balorazio kuantitatiboa eta, dardara eragiten duten gaixotasunen kasuan, pazientearen jarraipen objektiboa egiteko. Oraingoz, teknologia baliozkotze klinikoaren fasean dago eta mota horretako gailu bakarra da merkatuan. Startup-ak TECNALIAren laguntza izango du gailuaren materialak baliozkotzeko, datuak kudeatzeko eta segurtasunerako, baita merkaturatzeko beharrezkoa den bidea egiteko ere.

Neuroscience Innovative Technologies Asturiasen kokatutako enpresa bat da, gaixotasun neurologikoak tratatzeko teknologia mediko eta farmazeutikoa garatzen diharduena. Haren jardueren artean daude medikamentuak emateko edo askatzeko gailu terapeutikoak garatzea eta afekzio neurodegeneratiboak (alzheimerra, parkinsona edo ELA) tratatzeko produktu farmazeutikoak ikertzea. 2020an sortu zen, hasierako prototipo- eta proba-faseetan dago, eta TECNALIAren laguntza du salmenta-estrategia abian jartzeko eta alderdi teknologikoa sustatzeko.

Inrobis Social Robotics Madrilgo Carlos III Unibertsitatearen spin-off bat da, eta milioika pertsonaren bizitza hobetzea du helburu, errehabilitazio-prozesuak eraginkorrago eta atseginago eginez. Horretarako, robotika soziala eta asistentziala eta adimen artifiziala integratzen ditu osasun digitaleko plataforma ziurtatu batean, errehabilitazio-zerbitzu berritzailea eskaintzeko, bai esparru klinikoan bai etxeko esparruan. Merkaturatuta dagoen lehen produktu bat badute jada, Rehab, errehabilitazio kognitibo eta funtzional pertsonalizatuko eredu berriak sortzen dituena. 2020an sortu zen, eta TECNALIAren esperientziaren behar du, bai etxeko neurorrehabilitazioaren sektoreko teknologia-alorrean, baita negozioaren esparruan ere, beren soluzioa hedatzeko.

IMAZ Technology Innovation 2020an sortu zen eta Bartzelonan du egoitza. Ongizaterako IoT soluzio malguak diseinatzen eta fabrikatzen ditu, baita osasuna monitorizatzeko sistema ere. Horretarako, IoT soluzio aurreratuak erabiltzen ditu, DeepLearning teknologiarekin eta adimen artifizialarekin konbinatuta. Enpresa horren produktu berritzailea, MAXSENS, nahasmendu muskulu-eskeletikoen errehabilitazioa, jarraipena, denbora errealeko monitorizazioa eta osasunerako izan daitezkeen arriskuen prebentzioa hobetzeko soluzio modular bat da, bereziki adinekoei zuzendua. Produktua baliozkotze-fasean dago, lehen prototipoekin, eta bezeroekin testatzen ari da. Enpresak TECNALIA bazkide estrategiko izan dadin bilatzen du, eta laguntza eman diezazion monitorizazioan eta biosentsorikaren eta elektroestimulazioaren bidezko errehabilitaziorako teknologietan, nagusiki.

TECNALIAri buruz

TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro bat da, Espainiako handiena, erreferentziakoa Europa osoan eta Basque Research and Technology Alliance aliantzako kidea. Enpresekin eta erakundeekin lankidetzan aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetu ditzaten eta era jasangarrian haz daitezen, eta teknologiarekiko pasioa duten eta gizarte hobe bat eraikitzeko konprometituak dauden pertsonei esker lortzen du hori.

Hauek dira jarduera-eremu nagusiak: Eraldaketa digitala, fabrikazio adimenduna, trantsizio energetikoa, Mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta osasun pertsonalizatua.