TECNALIAk teknologia sofistikatuetan oinarritutako startupen bere azeleragailua jarri du martxan
- DeepTech4Impact izeneko azeleragailuak teknologikoki bultzatuko ditu enpresa berriak gaikako deialdien bidez, hala nola fabrikazio adimenduna, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, osasun pertsonalizatua, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
- Lehenengo deialdia ekonomia deskarbonizatzeko erronkari heltzen dioten startup guztiei zuzenduta dago, eta zabalik dago jada azaroaren 30era arte.
- Teknologia sofistikatuetan (deeptech) oinarritutako startupak ditu xede azeleragailu honek, eta, batik bat, TECNALIAren garapen teknologikorako gaitasun guztia eskaintzen die.
- Datorren ostegunean, urriaren 27an, emango da ekimenaren berri, B Accelerator Tower (BAT) eraikinean, Bilbon kokatutako ekintzailetza- eta berrikuntza-zentroan. Hizlariak: Leyre Madariaga, Eusko JaurlaritzakoEraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendaria; Joseba Mariezkurrena, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko Ekintzailetza eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendari nagusia; Jesús Valero, TECNALIAko zuzendari nagusia; Asier Rufino, TECNALIA Ventures-eko zuzendaria; eta Sergio Bandinelli, TECNALIA Ventures-eko Negozio Garapeneko zuzendaria; gainera, TECNALIArekin lankidetzan diharduten ekintzaile batzuek ere hartuko dute parte, eta beren startupak aurkeztu dituzte arrakasta-kasuen adibide gisa.
Bilbon, 2022ko urriaren 26ean. TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak ekintzailetza bultzatzen eta enpresentzako eta gizartearentzako soluzio eraginkorrak sortzen jarraitzen du, I+G+Baren bidez. Hala, beste urrats bat egin du aurrera startupekin duen konpromisoan, eta bere gaitasun teknologiko guztia jarri du ekintzaileen zerbitzura, berariaz sortutako enpresa-azeleragailuaren bidez.
DeepTech4Impact izeneko programa deeptech enpresei zuzendua dago, hau da, teknologia sofistikatuetan oinarritzen direnei, eta ekintzaileei eskaintzen dien garapen teknologikorako gaitasuna du ezaugarri nagusia. Hala, ibilbide luzeko bazkideen eta startupen arteko harremana estutzea proposatzen du, arriskuak eta onurak partekatuz, eta berariaz garatuz enpresa berriaren negozio-planaren beharretara egokituko den programa indibidualizatu bat. Ekintzaileek TECNALIAren gaitasun teknologiko guztia izango dute eskura, nola adituak hala aktibo teknologikoen jabetza industriala, laborategiak eta azpiegitura bereziak.
Asier Rufino TECNALIA Ventures-en zuzendariak honela hitz egin du programa berriaz: “Gure apustua startup taldeko kide gisa lan egitea da, gure ekarpena inbertsio gisa kapitalizatuz. Horretarako, azterketa independente bat egingo dugu, eta jarraipen-orri bat adostuko goi-mailako teknologiako produktuak garatzeko eta merkatura eramateko”.
DeepTech4Impact azeleragailuak teknologikoki bultzatuko ditu enpresa berriak gaikako deialdien bidez, hala nola fabrikazio adimenduna, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, osasun pertsonalizatua, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra. Lehenengo deialdia ekonomia deskarbonizatzeko erronkari heldu dioten startupei zuzendua dago, eta azaroaren 30era arte egongo da zabalik.
Sergio Bandinelli TECNALIA Ventures-eko Negozio Garapeneko zuzendariaren hitzetan, “profil osagarriak eta motibatuak dituzten talde ekintzaileak bilatzen ditugu, betiere gutxieneko produktu bideragarri bat baldin badute (prototipo funtzional bat edo kontzeptu-proba bat izan behar dute) eta beren garapen teknologikoa bat baldin badator TECNALIAren jarduera-eremuekin”.
Aurkezpen instituzionala
Datorren ostegunean, urriaren 27an, emango da ekimenaren berri, B Accelerator Tower (BAT) eraikinean, Bilbon kokatutako ekintzailetza- eta berrikuntza-zentroan. 16:00etatik aurrera. Hizlariak: Leyre Madariaga, Eusko JaurlaritzakoEraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendaria; Joseba Mariezkurrena, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko Ekintzailetza eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendari nagusia; Jesús Valero, TECNALIAko zuzendari nagusia; Asier Rufino, TECNALIA Ventures-eko CEOa; eta Sergio Bandinelli, TECNALIA Ventures-eko Negozio Garapeneko zuzendaria. Halaber, TECNALIArekin lankidetzan diharduten ekintzaile batzuek ere hartuko dute parte, eta beren startupak aurkeztu dituzte arrakasta-kasuen adibide gisa; esate baterako, Andrés Galnares, H2Siteko CEOa; Jon Lasa, Branka Solutionseko CEOa; José María Busturia, Nautiluseko CEOa, eta Jon Ibarzabal, RCDko bazkidea.
TECNALIAk esperientzia handia du oinarri teknologikoko enpresak bultzatzen edo jabetza industriala saltzen. Hala, Jabetza Intelektualaren Salmentaren (JIS) atalean, 2021ean, zentroak 5 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu; hau da, % 13,6ko igoera izan da 2020ko ekitaldiaren aldean. Gainera, 827 patente ditu zorroan, eta 14 OTEB edo Oinarri Teknologikoko Enpresa Berritan parte hartzen du, zeinek 2021ean % 23 egin baitute gora sortutako zuzeneko lanpostuetan eta % 40 fakturazioan.
Bestalde, bosgarren urtez jarraian, Espainian Europako patente gehien eskatu dituzten erakundeen artean dago TECNALIA. Zehazki, Europako patente-eskaeretan, Espainiako hirugarren erakunde pribatua da.
TECNALIAri buruz
TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da, Espainiako handiena, erreferentziakoa Europa osoan eta Basque Research and Technology Alliance aliantzako kidea. Enpresekin eta erakundeekin lankidetzan aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta era jasangarrian hazteko. Teknologiarekiko pasioa duten eta gizarte hobe bat eraikitzeko konprometituak dauden pertsonei esker lortzen dugu hori. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: Eraldaketa digitala, Fabrikazio adimenduna, Trantsizio energetikoa, Mugikortasun jasangarria, Hiri-ekosistema eta Osasun pertsonalizatua.
TECNALIA Ventures deep tech venture builderraren bidez, zentroak balioa ematen dio I+G+Ban egindako inbertsioari, teknologia sofistikatuetan (deep tech) oinarritutako negozio-aukerak identifikatzen eta kudeatzen baititu. Horretarako, venture building prozesu bat hedatzen du, eta, haren bidez, edozein berrikuntza-ekosistemaren funtsezko hiru zutabeak lotzen ditu: teknologian oinarritutako ideiak sortzen dituzten pertsonak (minds), ideia teknologikoak negozio-aukera bihurtzeko gai diren kudeatzaileak (management) eta teknologia sofistikatuetako ekimen ekintzaileen alde egiten duten inbertsiogileak (money).