Berria

Autobus adimendun, konektatu eta efizientea: Digizity

2023ko abenduaren 12a
Digizity- Tecnalia

"Berrikuntza garrantzitsuena barruan gidatzeko sistema izan da, gidatzearen alboko kontrola automatizatzeko aukera ematen duena"

Zaragozako kaleetan dabilen autobus adimendun, konektatu eta efizienteak bigarren fasea abiatu du, bidaiariekin ibiltzen hastea barne hartuko duena.

DIGIZITYk, ibilgailu elektriko eta konektatuaren PERTEren I+G proiekturik handienak, bigarren faseari ekingo dio, eta bidaiariekin ibiltzen hastea barne hartuko du hartan. Valentín Alonso (Avanzako zuzendari nagusia) eta Natalia Chueca (Zaragozako alkatea) izan ziren Zaragozan egindako ekitaldiko buru.

Bi urteko lan handiaren ondoren, Irizarrek egindako autobusa, 12 metro luzeko ie tram modeloa, prest dago azken probak egiteko sistema ontziratu berrien eta azken belaunaldiko komunikazioen ingurune garrantzitsuan (5G eta Wifi 6.0). Azaroaren 17tik aurrera, herritarrek 40. linean martxan egongo den autobus horretan bidaiatu ahal izango dute, zerbitzu adimendun eta konektatu batean erabiltzaile gisa esperientzia paregabea biziz.

Automobilgintzaren sektoreko balio-katearen integrazioa: autobus-garraioa

DIGIZITYk hiriko garraioa automatizatu, deskarbonizatu eta digitalizatzeko helburuarekin ekin zion bere ibilbideari, autobus adimendun, konektatu eta efiziente batekin. Avanza buru duen proiektuak bere sektorean liderrak diren beste bost enpresaren (IRIZAR, JEMA, HISPACOLD, TELNET eta IDNEO), hiru zentro teknologikoren (ITAINNOVA CTAG eta TECNALIA) eta Novadays kudeaketa publikoan espezializatutako aholkularitza-enpresaren partaidetza ere badu, bai eta Vodafoneren lankidetza berezia ere, 5G konektibitate-teknologiaren hornitzaile gisa.

Automobilgintzaren sektoreko segmentu baten balio-katearen integrazioa dakar horrek: autobus-garraioarena. Horrela, autobus- eta motor-fabrikatzaileak, osagai eta sistema ontziratuenak, telekomunikazio-ekipamenduenak eta mugikortasun globaleko operadore bat batuko dira.

Zero emisioko hiria

Lehen fasean, martxoan eta apirilean, ERZn (Entorno Relevante de Zaragoza, Zaragozako Ingurune Garrantzitsua) egindako proben ondoren, sistema ontziratuek ibilgailuan funtzionatzeko behar diren doikuntzak eta garapenak egin dira. Azken hilabeteetan sartu den berrikuntza garrantzitsuena barruan gidatzeko sistema izan da, gidatzearen alboko kontrola automatizatzeko aukera ematen duena.

Horrela, autobusak modu autonomoan kontrola ditzake norabidea, geltokira hurbiltzea eta erreia mantentzea. Eragiketa automatizatzeko beste urrats bat da, lehen fasean ibilgailua bizkortzea eta balaztatzea soilik ahalbidetzen baitzuen.

DIGIZITY Zaragozan ezarritako eredu integral baten barruan kokatzen da. Eredu horren helburua zero emisio izango dituen hiri bat sortzea eta mugikortasun jasangarria bultzatzea da, ibilgailu pribatutik garraio publikorako trantsizioarekin.