Berria

Zeatzek industria irauli du doitasun-sistemekin

2025ko martxoaren 6a
Sistemas_precisión_zeatz_tecnalia

"Enpresaren ibilbidearen ezaugarrietako bat da merkatuaren eskarietara etengabe egokitzea eta berrikuntza teknologikoaren aldeko apustu irmoa"

Zeatzek industria irauli du aeronautikarako, energiarako eta makineriarako doitasun-sistemekin, TECNALIAren eskutik

Zeatz Gipuzkoako enpresa 1962an sortu zen, eta Itziarren dago. Zatigailu unibertsalen fabrikatzaile izatetik zenbait sektoretan soluzio pertsonalizatuen arloko erreferente izatera igaro da, hala nola makina-erremintan, ekipo-ondasunetan, aeronautikan eta energian. Enpresaren ibilbidearen ezaugarrietako bat da merkatuaren eskarietara etengabe egokitzea eta berrikuntza teknologikoaren aldeko apustu irmoa.

Zeatzeko zuzendari exekutibo Edgar Oriaren arabera, "urte hauetan lortutako esperientziari esker, proiektu handiei hel diezaiekegu". Hogei pertsona inguruko lantaldea duela, enpresak berariazko soluzio malguak eskaintzen dizkie bezeroei, pertsonalizazioan eta efizientzian oinarritutako ikuspegiari eutsita.

Zeatzek bere berrikuntza-gaitasuna indartu du TECNALIArekin

Lankidetza horri esker, teknologia aurreratuak integratu ahal izan ditu bere produktuetan, hala nola konpentsazio termikoa eta aztarna digitala. Horren adibide nabarmena da gaitasun handiko ziber zatigailu fisiko bat berriki garatu izana, industria-prozesu konplexuetan doitasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko diseinatua.

Gaur egun, Zeatz garrantzi handiko proiektuetan murgilduta dago, hala nola paletetan jartzeko sistemak dituzten 4. eta 5. ardatzeko zatigailuak eta dimentsio handiko (4.000 eta 6.000 mm artekoak izan daitezke) fresatzeko eta torneatzeko zatigailuak diseinatzea. Bezeroen eskaerei erantzuteko ari da garapen horiek egiten, gero eta gehiago eskatzen baitituzte ekipamendu sendoago eta moldakorragoak produktibitatea hobetzeko.

Plater zatitzaile horiek aukera ematen dute mekanizatuko (hau da, ebaki, zulatu edo moldekatu) den pieza doitasun handiz kokatzeko. Funtsezkoak dira osagai konplexuak fabrikatzeko, hala nola:

  • Aeronautikarako piezak, doitasunik handiena eskatzen baitute angeluetan eta ebaketetan.
  • Energiaren sektorerako osagaiak, hala nola turbina edo engranaje industrialak.
  • Makineria aurreratuko ekipamenduak, produkzioaren efizientzia eta kalitatea hobetzeko.

Sistema horiek laguntzen dute fabrikatutako pieza bakoitzak perdoi zehatzak betetzen dituela bermatzen, eta hori funtsezkoa da errore txiki batek azken produktuaren segurtasuna edo errendimendua arriskuan jar dezakeen industrietan.

Zeatzek erakusten du esperientzia, egokitzapen teknologikoa eta lankidetza estrategikoa uztartzea funtsezkoa dela fabrikazio aurreratuaren sektorean erreferente izaten jarraitzeko, eta soluzio pertsonalizatu eta efizienteak sortzeko bazkide fidagarri gisa duen posizioa sendotu du.