“TECNALIAk industria kimikoan ezartzeko xurgapen bidezko bero-transformadore bat garatu du Push2Heat ekimenean”
Push2Heat ekimenak helburua du industriarako beroa errebalorizatzeko teknologien merkatu-potentziala eta negozio-ereduak sustatzea.
Teknologia horiek eskala handian probatuko dira, 90-160 °C-ko hornitze-tenperaturarekin, hondar-beroa berreskuratzeko eta errebalorizatzeko potentzial handia duten industria-sektore garrantzitsuetan.
TECNALIAk Espainiako iparraldeko industria kimikoan ezartzeko xurgapen bidezko bero-transformadore bat garatzen dihardu.
Beroa errebalorizatzeko teknologiak garatzea
Industriarako, beroa errebalorizatzeko lau teknologia garatuko dira proiektuan zehar. Batetik, elektrikoki aktibatutako bero-ponpak:
- Pistoi-konpresorearen bidezko konpresiozko bero-ponpa
- Turbokonpresorearen bidezko konpresiozko bero-ponpa
Eta, bestetik, termikoki aktibatutako bero-ponpak:
- II. motako xurgapenezko bero-ponpa (bero-transformadorea)
- Bero-ponpa termokimikoa
Beroa errebalorizatzeko garatzen diren sistemak eskala handian probatuko dira zenbait industria-sektoretan, hala nola papergintzan eta sektore kimikoan.
Bero-ponpek deskarbonizatzen laguntzen dute
Industriak paper garrantzitsua bete behar du Europar Batasunak 2050erako ezarritako klima-neutraltasuneko helburuak betetzeko trantsizio energetikoan. Industria deskarbonizatzeko lehen urratsa, ildo horretan, hondar-beroa berreskuratzearen eta errebalorizatzearen bidez efizientzia energetikoa handitzea da.
Industria-prozesuko beroak pisu nabarmena du Europako industriaren energia-eskari osoan. Prozesu industrialen berokuntza-eskaria azken energiaren eskari osoaren % 66 inguru da. 100 °C-tik 200 °C-ra bitarteko tenperatura-tartean dago prozesuen bero-eskariaren % 26 inguru. Beroa errebalorizatzeko bero-ponparen teknologien kasuan, hori da xede-merkatua.
Oro har, bero-ponparen teknologietarako aplikazio-potentzial handia ikusi da elikagaien industrian, papergintzan eta industria kimiko eta farmazeutikoan. Bereziki lehortze-prozesuetan, bai eta pasteurizazioan, esterilizazioan, lurrunketan eta destilazioan ere.
Testuinguru horretan, Push2Heat proiektuak industria deskarbonizatzeko helburuak betetzen lagunduko du, industria-sektore garrantzitsuetan beroa errebalorizatzeko teknologien aukera zabalarekin.
Push2Heat Partzuergoa
TECNALIA buru dela, Europako 19 kidek gauzatuko dute proiektua. Partzuergoak barne hartzen ditu industria-teknologiaren hornitzaileak, industriaren arloko azken erabiltzaileak, ingeniaritza-enpresak, negozioetara bideratutako enpresak, I+Gko bazkideak eta Europa mailan beroaren errebalorizazio-teknologiak ordezkatzen dituen elkarte bat.
PUSH2HEAT proiektuak Horizon Europe Ikerketa eta Berrikuntza Programaren finantzazioa jaso du, 101069689 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.