"WAAM teknologiari esker, pieza metaliko jasangarriagoak eta adimendunak sor ditzakegu"
Industria-enpresei soluzio berri bat eskaintzeko, WAAM (Wire Arc Additive Manufacturing) teknologiaren alde egin dugu, hari esker pieza metaliko jasangarriagoak eta adimendunak fabrikatu baitaitezke
WAAM teknologiak pieza metaliko jasangarriagoak eta adimendunak egitea ahalbidetzen du. Aldi berean, optimizatu egiten ditu balio-kateko prozesu luzeak, eta sail laburragoak sortzeko aukera eskaintzen du, diseinu-askatasun handiarekin eta prestazio mekaniko hobeekin.
Fabrikazio aditiboko prozesu bat da teknologia hori: hari-formako material metalikoa eta arku elektrikozko soldadura uztartzen ditu material hori urtzeko eta azken piezaren geometria osatuko duten geruzak sortzeko. Produkzio-erronka horiei guztiei heltzeko, Addilan enpresarekin orpoz orpo ari gara lanean Multiwaam proiektuan, material anitzeko piezak teknologia horren bidez fabrikatzea bideragarria ote den aztertzeko.
Material anitzeko piezak teknologia horren bidez fabrikatzeak gero eta interes handiagoa pizten du industria-sarean, prestazio mekaniko hobeak dituzten piezak egiteko eta kostuak murrizteko. Horregatik, metalezko fabrikazio aditiboko teknologia alternatibo bat garatzen ari gara —jasangarriagoa, moldakorragoa eta adimenduna—, industria eraldatzeko eta industria efizienteagoa lortzeko, prozesuak garatuz eta optimizatuz.
Material anitzeko piezak fabrikatzea
WAAM teknologia gero eta gehiago aplikatzen da industria-sektoreetan: pieza handiak fabrikatzeko gaitasuna eskaintzen du produktibitate handiz, eta, aldi berean, fabrikazio aditiboaren berezko abantailak baliatzen ditu, hots, materiala ahalik eta gehien aprobetxatzea, geometria konplexuagoak lortzeko aukera eta pertsonalizazioa.
Aplikazioon artean, material anitzeko piezak fabrikatzea da berrienetako bat. Pieza horiek material batez baino gehiagoz daude osatuta, eta, oro har, ezin dira metodo konbentzionalen bidez fabrikatu. Teknologia hori baliatzeak, hobekuntza handia ekartzeaz gainera, aplikazio ugaritarako ekarriko ditu soluzioak, hala nola petrolio- eta gas-sektorerako, aeronautikarako eta automobilgintzarako.