"ArmAssist gailu robotiko eramangarri bat da, goiko gorputz-adarren mugikortasuna errehabilitatzeko baliagarria; bereziki gomendagarria da iktus bat izan dutenentzat"
ArmAssist aurkeztuko dugu nazioarteko robotika-foro handienetako batean
Robotikaren eta automatizazioaren arloko ikertzaile eta akademiko onenak ICRA 2023 kongresuan (IEEE International Conference on Robotics and Automation) elkartu dira egunotan Londresen. Ekitaldi hau IEEEren Robotika eta Automatizazio Elkartearen konferentzia bereizgarria da. Mundu mailako topaketa bat, mundu osoan egin izan dena 1984tik, San Frantziskotik Shanghairaino.
40. edizio honetan 4.000 lagun baino gehiago elkartu dira Londresen, TECNALIAko zenbait lankide tartean, zeinek workshop eta hitzaldi batzuetan parte hartu baitute. Je Hyung TECNALIAko Neuroingeniaritzako ikertzaileak ArmAssist sistemaren garapen teknikoa aurkeztu du nazioarteko foro horretan. Iktus bat izan duten pertsonen goiko gorputz-adarren (besoa eta eskua) errehabilitaziorako joko serioetan oinarritutako sistema robotiko bat da.
Laguntza-robota, goiko gorputz-adarren errehabilitaziorako
ArmAssist gailu robotiko eramangarri bat da, goiko gorputz-adarren mugikortasuna fase guztietan errehabilitatzeko baliagarria; bereziki gomendagarria da iktus bat izan duten pazienteentzat. Sistemak oinarri mugikor bat erabiltzen du sorbaldaren eta ukalondoaren mugimenduak erregistratzeko, eta pazientearen aurrerapenak neurtzen ditu. Gailu honek urruneko errehabilitaziorako plataforma bat dakar, eta, hari esker, pazienteek etxean jarraitu dezakete errehabilitazioa egiten.
Errehabilitazio hori terapeutak ikuskatzen du une oro, eta haren balorazio kuantitatiboa egin dezake.
Deskargatu ArmAssist-en katalogoa
Urtean garuneko hodietako istripu bat izaten duten 15 milioi lagunen beharrei erantzuteko sortu da TECNALIAren garapen hau; haietako askok, istripuaren ondorioz, desgaitasun iraunkor bat pairatzen dute. ArmAssist-en bidez, zerbitzu indibidualizatu bat eskain daiteke; hala, pazienteek gehiago parte hartzen dute errehabilitazio-prozesuan, eta emaitzak hobeak dira.
Ekitaldian, robotika eta automatizazioko azken ikerketak eta aurkikuntzak, tutoretza-tailerrak eta -saioak, foroak, erakusketak, roboten lehiaketak eta zenbait ekitaldi sozial izango dira, “Embracing the future: making robot for humans" lelopean.