Prentsa-oharra

Enpresek % 30 gehiago inbertitu dute azken urtean, 4.0 Industriara egokitzeko TECNALIAren eskutik

2018ko maiatzaren 29a

2018ko maiatzaren 29a Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan, eta duela hamarkada bat baino gehiagotik, 4.0 teknologia errealak ezartzen ari da enpresetan, digitalizazioaren bidez lehiakortasuna bultzatu eta, hala, Industria 4.0 eredu berriari aurrea hartzeko, zeina datuetan eta IKTak merkatuan modu adimenduan integratzean oinarrituta baitago.

Industria berri hori azkar garatzen ari da; horregatik, enpresekiko jarduera areagotzen ari da TEKNALIA, 4.0 Industria hedatzearren: azken urtean % 30 baino gehiago handitu da, diru-sarrerei nahiz proiektu kopuruari dagokienez. Hala, gaur egun ehun enpresarekin baino gehiagorekin egiten du lan eraldaketa digitalaren inguruko I + G proiektuetan; enpresa horietatik % 70 txikiak eta ertainak dira, eta proiektu horietan 50 milioi euro fakturatu ditu TECNALIAk azken bi urteetan.

BIEMHren 30. edizioan, TECNALIAk digitalizazioaren alorreko zenbait berrikuntza eta teknologia erakusten ditu, liderra baita bera arlo horretan. Enpresekin batera garatuak dira erabat, akatsik gabeko produktuak lortu, prozesuen eraginkortasuna handitu, materien eta energiaren kontsumoa optimizatu eta industria-inguruneen segurtasuna maximizatzeko. Horretarako, 4.0 stand batean jarriko ditu ikusgai industriaren digitalizaziorako dituen joerak: monitorizazioa eta datuen analitika, aktibo industrialen eta haien osagaien 4.0 mantentzea, ikusmen artifiziala, “biki digitalak” bistaratzea, datu-trazabilitate segurua eta robotika malgua.

TECNALIAren standak lau gune ditu: lehenengoak 4.0 fabrika baten “benetako” lan-ingurunea eta haren “biki digitala” erakusten ditu; bigarrenean, 3D fabrikazioa da nagusi; hirugarrena, berriz, beren 4.0 estrategia diseinatzeko tresna bat duten enpresetara bideratuta dago; eta laugarrena prestakuntzaren eta 4.0 industriak behar dituen profilen ingurukoa da.

Fabrika digitala

TECNALIAk fabrika digital bat erreproduzituko du Bienalean eta lan-ingurune "erreal" bat simulatuko du: hartan, lau robotek elkarrekin lan egingo dute automobilgintza eta aeronautikako piezak sortu, hautatu eta muntatzeko. Horretarako sortua da "biki digitala" deritzona, hau da, produktu edo prozesu baten eredu birtuala, zeinak digitalki erreproduzitzen baitu bere bertsio errealaren portaera eta errendimendua. Etengabeko atzeraelikaduran oinarritzen da bikiaren funtzionamendua. Bere ingurunetatik (fisiko erreala eta optimo birtualizatua) jasotzen du informazioa eta, hala, aukera ematen du azkar eta eraginkorki pasatzeko zero akatseko bertsioak izatera, eraginkorragoak eta inguruari hobeto egokituak. Bienalean, errealitate birtualeko pantaila eta betaurrekoak erabiliz, fabrika digitalarekin interakzioan aritzeko aukera dago.

Fabrika digital honetako lau robotek 4.0 Industriarako gako diren zenbait prozesu aurreratu ordezkatzen dituzte, enpresa batzuetan garatu eta ezarri direnak, hala nola Aernnova, Fagor, Arrasate edo Airbus.

3D makina berriak ADDILANekin

Standak badu, halaber, fabrikazio aditiborako gune bat; gaur egungo teknologia aitzindarienetariko bat da fabrikazio aditiboa, eta arlo horretan ikertzen eta garapen teknologikoak egiten ari da zentroa duela 10 urtetik. Orain, pauso bat gehiago emanda, ADDILAN enpresa sortu berrira batu da, ADDILANek diseinatutako 3D makinen kontzeptu berriaren garapen teknologikoa bizkortzeko; kontzeptu berri horrek sektore industrialetan produktibitatea bikoiztea ahalbidetuko du. Makina horiek WAAM teknologiaren garapenean oinarritzen dira; teknologia horrek tamaina handiagoko piezak fabrikatzeko aukera ematen du lehengai gutxiago erabiliz eta fabrikazio-denbora laburragoan.

Bienala teknologia berri horren lekuko da. Haren bidez sortzen diren piezak tamaina ertain-handiko osagaien merkaturako diseinaturik daude industria-sektore hauetan: aeronautika, aeroespaziala, energia edo ontzigintza. Horretarako, antolaketa berritzaile bat darabil: makinaren “biki digitalak”, holograma forman, aukera ematen du makinaren barne-antolamendua nahiz denbora errealeko funtzionamendua ikusteko.

Enpresentzako 4.0 estrategia

Enpresekin elkarlanean 4.0 estrategia diseinatzeko bere tresneria darama TECNALIAk hirugarren gunera. Diagnostiko-eredu bat da, 4.0 industriak produktibitatea eta negozioa hobetzeko dakarren aukera ikustea ahalbidetzen duena. Hala, aplikazio baten bidez jakin ahalko dute enpresek nola egokitu beren eskaria eskaintzara, nola optimizatu kontsumoak produkzioan edo nola maximizatu produktuaren kalitatea eta ingurunearen osasuna. Analisi horren bidez, TECNALIAk enpresei laguntzen die 4.0 paradigmetara egokitzeko hobekien egokitzen den estrategia definitzen eta ezartzen. 2015. urteaz geroztik, 120 industria-enpresari baino gehiagori egin dizkie diagnostiko pertsonalizatuak; haietako % 80 enpresa txiki eta ertainak dira.

Pertsonak eta 4.0 profilak

TECNALIAk, 4.0 hedadura osatzeko, industria digitalerako profil berrientzako gune bat du. Horretarako, pantaila handi batean pertsonak eskala errealean erakusten dituen bideo batek aurkezten du zer gaitasun duen zentroak industriaren eta prestakuntza zentroen arteko zubi izateko eta, hala, industriak eskatzen dituen profilak osatzen laguntzeko. Alde horretatik, TECNALIAk, Makina Erremintaren Institutuarekin (IMH) elkarlanean, abian jarri dituen UPV/EHUko bi graduondoko nabarmendu behar dira: Digital Manufacturing arloko master bat eta 4.0 Industriarako Datu-analitika Prediktiboko Proiektuetako Unibertsitate-espezialista titulua.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. www.tecnalia.com