Errealitate birtualeko made in Euskadi aplikazioak adimen-desgaitasuna duten pertsonen autonomia sustatzeko
- Euskadiko Down Sindromearen eta beste Adimen Urritasun batzuen Fundazioa TECNALIArekin lankidetzan ari da adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonei beren eguneroko zereginak ingurune seguru batean entseatzen lagunduko dieten tresna teknologikoak ezartze aldera. Tresna horiek aukera emango diete ustekabeei aurre egiten ikasteko
- Horretarako, errealitate birtualeko betaurrekoen eta gailu mugikorren bidez eguneroko esperientziak simulatzen dituzten esperientziak garatu dituzte, hala nola, metroan bidaiatzea eta garbigailua erabiltzea
Bilbo. 2025eko otsailaren 19a. Adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat, eguneroko zereginetan gertatu ohi diren ezustekoak dira segurtasun-ezaren eta desorientazioaren eragile nagusietako bat. Hori dela eta, Euskadiko Down Sindromearen eta beste Adimen Urritasun batzuen Fundazioak (EHDSF), errealitate birtualeko eta errealitate areagotuko teknologian oinarritutako aplikazioak garatu ditu TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroaren eskutik. Aplikazio horien bidez, adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonei aukera eman nahi zaie ingurune seguru eta kontrolagarri batean entrenatzeko eguneroko zereginetan sortzen zaizkien arazoak ebazteko behar diren trebetasunak. Aplikazio horiek, errealitate birtualeko betaurrekoen eta gailu mugikorren bidez, eguneroko esperientziak simulatzen dituzte, hala nola metroan bidaiatzea eta garbigailua erabiltzea.
EHDSFk bere prestakuntza-planean txertatu ditu esperientzia horiek adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonen autonomia sustatzeko. Izan ere, lagungarriak izango zaizkie testuinguru publiko zein pribatuetan, desorientazioa, segurtasunik eza edo blokeoa eragin ohi dieten ezustekoei aurre egiteko. Gaur egun, 92 profesionalez eta 85 boluntarioz osatutako taldea du EHDSFk. Adimen- eta garapen-desgaitasuna duten 650 laguni eta 1.370 senideri laguntzen diete. TECNALIAz gain, ekimen horretan parte hartu dute APTES Gizarte Teknologia Sustatzeko Elkarteak, teknologiaren eta gizarte-eremuaren arteko hibridazio-proiektuetako erreferente den aldetik, eta Metro Bilbaok. Azken horrek lagundu du metroan bidaiatzearen esperientzia errealitate birtualera ekartzen.
“Metroan bidaiatzen dut” eta “Nire garbigailua”
EHDSFk eta TECNALIAk hiru aplikazio garatu dituzte gaurdaino. Lehenengoa “Metroan bidaiatzen dut” izeneko errealitate birtualeko esperientzia bat da, eta Metro Bilbaoren laguntza jaso du. Aplikazio horrek lehenengo pertsonan kontatzen du Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioaren instalazioetatik Alde Zaharreko metro geltokiraino eta, handik, Moyuako geltokiraino metroz egindako ibilbidea, bai eta eta alderantzizko bide osoa ere. Pertsonak errealitate birtualeko betaurrekoak jarriko ditu, eta bidelagun batek ibilbidean zehar nola jardun behar duen adieraziko dio: nola zeharkatu kalea, nola hartu metrora sartzeko igogailua, nola igaro baliogabetze-makinetatik, nola igo bagoira, nola kargatu metrora sartzeko Barik txartela, edo nola egon adi metroko megafoniatik entzuten diren mezuei. Ibilbidean zehar gerta daitezkeen ezusteko batzuk ere txertatu dira esperientzian, pertsona horri erakusteko nola eskatu behar duen laguntza eta nola jardun behar duen metroan matxura edo atzerapenik izanez gero. Helburua da ezuste horiei aurre egiten jakitea eta, kasuan-kasuan, irtenbide egokia ematea.
Bigarren esperientziak, “Nire garbigailua” izenekoak, errealitate birtualaren bidez erakusten du arropa garbitzeko prozesu osoa, arropa sailkatzetik garbiketa-prozesua amaitu arte. Bidelagun baten gidaritza birtualaren pean, pertsonak orbanak tratatzen, detergentea eta leungarria garbigailuaren kaxatxora egokiro isurtzen, eta programa egokia aukeratzen ikasten du. Esperientzia horretan, garbigailua erabiltzean gerta daitezkeen zenbait ustekabe ere txertatu dira, hala nola matxurak edo ihesak, egoera horiei nola aurre egin ikas dezaten. Esperientzia hori autonomiarako prestakuntza-ekintzen plangintzan sartuko da, Etxeratu programaren barruan. EHDSFren Etxeratu programak bi etxebizitza ditu, non adimen eta garapen-desgaitasuna duten pertsonak modu independentean bizi baitira, laguntzarekin.
EHDSFk eta TECNALIAk hirugarren aplikazio bat garatu dute, hau ere garbigailua jartzeko esperientzian oinarritua. Oraingo honetan, ordea, errealitate areagotuaren laguntzaz gidatzen da pertsona. Gailu mugikorren bidez, hala nola tabletak eta telefono mugikorrak, aplikazioak laguntza interaktiboa eskaintzen dio pertsonari garbigailua jarri arteko zereginetan, prozesua pausoz pauso azalduz. Horrela, sendotu egiten da aurrez errealitate birtualaren bidez landutakoa.
Teknologia horrek TECNALIAren garapen bat du abiapuntu: Kayrox izeneko plataforma. Plataforma horrek errealitate areagotuko eta errealitate birtualeko murgiltze-aplikazioak sortzeko aukera ematen die adituak ez diren pertsonei. TECNALIAk Kayrox-en erabilerari buruzko prestakuntza eman die EHDSFko profesionalei, etorkizunean modu autonomoan zabaldu ahal izan dezaten errealitate areagotuan eta errealitate birtualean oinarritutako esperientzien liburutegia. Hala, eguneroko beste eremu batzuetan ere laguntza eman ahal izango diete adimen-desgaitasuna edota garapen-desgaitasuna duten pertsonei.
Hemendik aurrera, EHDSFk tresna horiek egokitzen jarraituko du, bai eta esperientzia berriak garatzen ere, egoera berriak simulatu ahal izateko, eta, hartara, adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko aukerak zabaltzeko. Horretarako, errealitate birtualeko betaurrekoak, esperientzia birtualak grabatzeko 360°-ko kamera, eta Kayrox plataforma erabiltzeko lizentzia erosten lagundu dio TECNALIAk EHDSFri.