Nortegasek H2SAREA inauguratu du, hidrogeno berdea gas naturalaren egungo sarean injektatzeko estatuko lehenbiziko proiektu erakusgarria
- H2SAREA proiektua bakarra da estatu osoan, eta hidrogeno berdearen injekzio segurua bultzatzen du gas naturala banatzeko azpiegituretan, hidrogenoaren eta gas naturalaren nahasketa-portzentaje gero eta handiagoetan.
- TECNALIAk ez ezik, haren H2SITE spin-offak ere parte hartzen du proiektuan. Azken horrek bere ekipamenduetako bat erabiliko du hidrogenoaren eta metanoaren nahasketa gaseosoa erregulatzeko.
- Inaugurazio-ekitaldiaren buru izan dira Nortegaseko presidente Iñaki Alzaga eta kontseilari delegatu Javier Contreras, baita Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Zuzendaritza Batzordeko presidente José Ignacio Zudaire ere. Ekitaldian beste zenbait ordezkari ere izan dira: Iñigo Urkullu, lehendakaria; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Unai Errementeria, Bizkaiko diputatu nagusia; Igotz López Torre, Zamudioko alkatea; Esther Apraiz, Derioko alkatea; eta euskal industriako zenbait kide.
Nortegas gas naturalaren Espainiako bigarren banatzailea da, eta H2SAREA proiektua inauguratu du gaur. Egitasmo horrek egun gas naturala erabiltzen duten azpiegituren eta ekipamenduen mugak aztertzen ditu –izan instalazio horiek etxeetakoak, izan industrialak–, gas naturala gero eta hidrogeno-portzentaje handiagoekin nahasten joan ahala. Horretaz gainera, proiektu horrek soluzio teknologiko berriak garatzen ditu, etorkizuneko hidrogeno-ekonomiaren energia-premietara egokitzeko. Ildo horretan, Nortegas konpainia eragile gisa posizionaturik ageri da hidrogeno berdearen banaketari dagokionez, eta egungo energia-agertokiaren erronka teknologiko garrantzitsuenetako bati heltzen dio.
Inaugurazio-ekitaldiaren buru izan dira Nortegaseko presidente Iñaki Alzaga eta kontseilari delegatu Javier Contreras, baita Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Zuzendaritza Batzordeko presidente José Ignacio Zudaire ere. Ekitaldian beste zenbait ordezkari ere izan dira: Iñigo Urkullu, lehendakaria; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Unai Errementeria, Bizkaiko diputatu nagusia; Igotz López Torre, Zamudioko alkatea; Esther Apraiz, Derioko alkatea; eta euskal industriako zenbait kide garrantzitsu.
H2SAREA aurkeztea proiektu berritzaile bat sendotzeko lehenbiziko urratsa da; izan ere, ezinbesteko pausoa da gas naturalaren egungo sarea eraldatzeko eta etorkizunean erabiltzeko, hidrogenoaren ekonomia garatzeko soluziorik efizienteenaren parte baita.
Proiektu horren emaitzak baliagarriak izango dira eragile arautzaileei hurrengo urrats eta proposamen zehatzen berri emateko; izan ere, esperientzia errealetan oinarrituriko emaitzei esker gauzatu ahal izango da eraldaketa hori.
Horrekin loturik, hauxe adierazi du Iñaki Alzaga Nortegaseko presidenteak: «H2SAREA bizi dugun eraldaketa energetikoaren parte da. Proiektu honen bidez, Nortegas soluzio teknologiko berriak ikertzen eta garatzen ari da, eta, haien bidez, etorkizun hurbileko premia energetikoetara egokitu ahalko ditugu gure azpiegiturak, hau da, hidrogeno berdera. Nortegasek konpromiso sendoa du. Azpiegitura-eragiketetan jarduten duen talde integratua garen heinean, gure erantzukizuna gizartearen mesedetan eraldatzea da, eta, ildo horretan, Espainia osorako aldaketa bultzatzea. Ez da nolanahiko erronka, baina elkarrekin eta elkarlanean egin behar diogu aurre; garapena eta baterako inbertsioa bultzatu behar ditugu energia-eredu garbi eta jasangarri baterantz egiteko mugarri izan daitezkeen proiektuetan, eta, gainera, gizartean enplegua eta ongizatea sortuz».
Hidrogenoaren Euskal Korridorearen presidente José Ignacio Zudairek, berriz, hau adierazi du: «Trantsizio energetikoko prozesu bete-betean gaude, eta azken gertakariek, Errusiak Ukraina inbaditu izanak, bizkortu egin dute prozesu hori, moteldu beharrean. Europarrak garen heinean, deskarbonizazioaren helburu nagusiari eusten diogu klima-aldaketaren aurkako borrokarako oinarrizko bektore gisa, baina harekin batera heltzen diogu azkenaldian nahiko ahaztuta egon den beste zutabeetako bati ere, hau da, horniduraren segurtasunari. Inguruabar horiek kontuan hartuta, erabat indarrean dago hidrogeno berriztagarriaren aldeko apustua. Hasiera-hasieratik, estrategia bereizgarri batekin abiatu ginen Euskadin, eta haren oinarria zen hidrogenoaren ekonomia garatzen laguntzeko ekosistema bat sortzea; hau da, Hidrogenoaren Euskal Korridorea. Estrategia horren bidez, deskarbonizazioak ekarri digun erronkari helduko diogu, gure lurraldeko garapen teknologiko industrialerako aukera bihurtzeko. Estrategia horren adibide garbia dira gaur aurkezten ari garenaren tankerako proiektuak. Enpresa baten lidergoarekin –kasu honetan, Nortegasena–, lankidetza-proiektu bati ekiten zaio, hidrogenoa garraiatzeko teknologia sortzea helburu harturik».
Iñigo Urkullu lehendakariak, bestalde, hau gaineratu du: «H2SAREA proiektuak egungo erronkarik garrantzitsuenetako bati heltzen dio: soluzioak garatzea energia berriztagarriek hidrogeno-kantitate handia sortzeko eta hainbat aplikaziotan erabiltzeko. Euskadin oinarrituriko hidrogeno-ekosistema bat sortzeari esker, aurrera egin ahal izango da energia, industria, zerbitzuak eta mugikortasuna deskarbonizatzeko bidean. Premia larri bati erantzuten dio, eta bidea zabaltzen die aukera teknologiko eta industrial berriei. 2026ra bitartean, 1.300 milioi euro baino gehiago inbertituko dira, eta, aurreikuspenen arabera, 1.340 lanpostu zuzen eta 6.700 zeharkako sortuko dira. Horrenbestez, ongietorria ematen diogu proiektu berritzaile honi».
Horren ondoren, hau gaineratu du lehendakariak: «Etorkizuneko apustu estrategiko bat da, eta ikuspegi integrala du banaketa hobetzeko, efizientzia areagotzeko eta ekonomia deskarbonizatu baterantz aurrera egiteko; H2SAREA proiektuan parte hartuz, jatorri berriztagarriko gasak erabiltzearen alde egingo da, hala nola biogasa eta hidrogeno berdea. Hidrogenoaren Euskal Korridorearen eta halako proiektuen aldeko apustua egiten dugu klima-aldaketa lehengoratzeko. Lankidetza da etorkizuneko proiektu honen gakoetako bat. Ildo horretan, Euskadik bat egin du berriki Ebroko Hidrogenoaren Korridorearekin, baita Nafarroako Foru Komunitateak, Aragoik eta Kataluniak ere. Era berean, Arku Atlantikoan dugun kokapen estrategikoa eta Frantziarekiko hurbiltasuna ikusirik, izan dezakegu aukerarik Akitania Berriarekin eta Okzitaniarekin sinergiak bilatzeko. Lurralde edo erkidego guztiok norabide berean egiten badugu indar, emaitza mardulak lortuko ditugu».
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren HAZITEK programaren parte da, eta Nortegas du buru. ABC Compresores, CAE SL, FIDEGAS, H2Site, Erreka Fastening Solutions, Orkli eta euskal industria-sareko beste zenbait enpresa garrantzitsuk osaturiko partzuergo baten parte da. Horretaz gainera, lankide ditu TECNALIA eta IKERLAN –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko bi teknologia-zentro nagusi–, bai eta Hidrogenoaren Zentro Nazionala ere, zeina estatuko erreferentea baita esparru horretan.
TECNALIAri buruz
TECNALIAk ikerketa- eta garapen-lan esanguratsua egin du hidrogenoaren eta erregai-pilen arloan. Eginiko lanaren emaitza gisa, Espainiako erreferentetzat jotzen dute gaur egun esparru horretan, batez ere materialen esparruan eta materialok hidrogenoarekin duten bateragarritasunean, bai eta hidrogenoa bereizteko/ekoizteko soluzio berrietan ere.
Azken urteotan, TECNALIAk modu aktiboan parte hartu du hidrogenoaren esparruko elkarte garrantzitsuenetan, bai estatuan, bai nazioartean. Gaur egun, Hydrogen Europe Research, HYSAFE eta Hidrogenoaren Espainiako Elkarteko batzorde exekutiboetako kidea da. Era berean, EERA – JP Fuel Cells and Hydrogen, European Clean Hydrogen Alliance (ECHA) eta Hidrogenoaren eta Erregai-pilen Espainiako Plataforma Teknologikoko (PTE-HPC) kidea da.
Euskadin, Hidrogenoaren Teknologien Lantaldeko kidea da sortu zenetik, eta, gainera, Hidrogenoaren Ibilbide Orri Teknologikoa definitu du beste euskal eragile batzuekin batera. Orain, Hidrogenoaren Foro Sektorialeko kide ere bada.
Gaur egun, Hidrogenoaren Industriaren Agenda Sektoriala prestatzeko lanak koordinatzen ari da Espainian, Hidrogenoaren Zentro Nazionalarekin eta Ariemarekin batera. Hidrogenoaren Espainiako Elkarteak zuzentzen du Agenda Sektoriala.