Prentsa-oharra
Datu-espazioak eta adimen artifiziala, AI4ES sarearen zutabeak
Prentsa-oharra
2021eko urriaren 29a. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak bigarren saria jaso du Europako Berrikuntza Sarietan, errehabilitazio neurologikoko prozesuetan egindako ekarpen berritzaileagatik. Estimulazio elektriko funtzionaleko teknologia bat da, gaitz neurologikoen ondorioz goiko eta beheko gorputz-adarren errehabilitazioa behar duten pertsonentzat.
Gaur egun, Fesiaren bidez merkaturatzen da teknologia hori, bi produktutan. Fesia TECNALIAk FIK ekimenaren laguntzarekin sortutako spinoff bat da, eta estimulazio elektriko funtzionaleko teknologian oinarritutako produktuak garatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen ditu, iktusen, bizkarrezur-muineko lesioen, garun-paralisiaren, esklerosi anizkoitzaren eta bestelako gaitz neurologikoen ondorioz lesioak dituztenei errehabilitazioan laguntzeko.
EARTO, Ikerketa eta Teknologiako Erakundeen Europako Elkartea, berrikuntzaren alorreko Europako ordezkari nagusia da, eta hark eman dio saria TECNALIAri, “Impact Delivered” kategorian, zeinak kontinentean aplikatutako jardunbide teknologiko onenak aintzatesten baititu. TECNALIAk bosgarren urtez jarraian lortu du kategoria horretan lehen hiru postuetan egotea. Saria Berrikuntza Sarien urteroko banaketa-ekitaldian ezagutarazi da, aurten birtualki.
Pertsonentzako teknologia
Gaur egun, mundu osoko 180 milioi pertsonak dute urritasun motorra, paresia, espastizitatea edo beste patologiaren bat, nerbio-sistema zentralaren urritasun baten ondorioz. Paziente horietan, gaitzak mugitzeko gaitasunari eragiten dio, baina muskuluek eta nerbio-bukaerek ez dute inolako kalterik.
Testuinguru horretan, estimulazio elektriko funtzionalak nerbio-sistema aktibatzen du, eta, neuroplastizitateari esker, muskuluak aktibatzeko eta funtzioak berriro ikasteko aukera ematen dio pazienteari. Horrelako errehabilitazioak, ordea, oso konplexuak dira; izan ere, estimulazio elektriko funtzionaleko aditu bat behar da aplikatzeko, gaur egun merkatuan dauden soluzioak ez dira batere malguak eta erabilerrazak, eta aparatu asko erabili behar dira.
Horregatik, estimulazio elektriko funtzionaleko teknologia malgu, modular eta arin bat garatu du TECNALIAk, erraz konfigura daitekeena, eta errehabilitazio-tratamendua erabiltzaile bakoitzaren behar jakinetara egokitzeko aukera ematen duena. Teknologia horrek daraman algoritmoak, gainera, pazientearen aurrerapena ebaluatzen du, eta errehabilitazioa hobetzeko behar dituen elektrodoak aktibatzen ditu, igorritako bulkadekiko muskuluek duten erreakzioan oinarrituta.
Teknologia hori merkaturatzeko, Fesia spinoff-a sortu zuen TECNALIAk 2016an, FIK ekimenaren eta TECNALIA Ventures deep tech venture builder-aren laguntzarekin. Fesiak, dagoeneko, 16 herrialdetan merkaturatu ditu bi produktu: Fesia Walk, ibilera errehabilitatzeko gailua; eta Fesia Grasp, eskuaren funtzioa errehabilitatzeko gailua.
Konpainiaren kalkuluen arabera, aurreko ekitaldian baino % 80 gehiago fakturatuko dute. Fesiak, gainera, bi patente onartu eta nazioarteko patente-eskaera bat ditu, eta, konpainiaren arabera, errehabilitazio klinikoaren eta etxeko errehabilitazioaren merkatu potentziala 30.000 M€-koa da. Neuroerrehabilitazioaren merkatua urtean % 23 haztea espero dute adituek datozen urteetarako.
Testuinguru horretan, A serieko finantziazio-erronda batean sartua dago Fesia, helburu hauekin: estimulazio elektriko funtzionalean Europan duen lidergoa finkatzea, errehabilitazio-kliniketarako dituen produktuak hobetzea eta etxean erabiltzeko berariazko produktu bat merkaturatzea.
EARTO (European Association of Research and Technology Organisations) elkarteari buruz
Ikerkuntzaren eta teknologiaren alorretako erakundeak biltzen ditu EARTO erakunde europarrak. 1999an sortua da, eta 20 herrialdetako 350 erakunde baino gehiago ditu bazkide. 2009az geroztik, urtero ematen du Berrikuntzaren EARTO Saria, erakundeko partaideen berrikuntza-proiektu onenak saritu eta Europako ekonomian (modernoa eta berritzailea) duten garrantzia azpimarratzeko.
TECNALIAri buruz
TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da, Espainiako handiena, erreferentziakoa Europa osoan, eta Basque Research and Technology Allianceko kidea da. Enpresekin eta erakundeekin lankidetzan aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetu ditzaten eta era jasangarrian haz daitezen, eta teknologiarekiko pasioa duten eta gizarte hobe bat eraikitzeko konprometituak dauden pertsonei esker lortzen du hori.
Hauek dira jarduera-eremu nagusiak: Eraldaketa digitala, Fabrikazio adimenduna, Trantsizio energetikoa, Mugikortasun jasangarria, Hiri-ekosistema eta Osasun pertsonalizatua.
TECNALIAk, TECNALIA Ventures deep tech venture builder-aren bitartez, merkaturatzeko aukera duten negozio-aukerak identifikatu eta hedatzeko lanean laguntzen du, aktibo teknologikoen inkubazioa azeleratzeko programaren barruan.