Prentsa-oharra
Industria farmazeutikorako EAEko lehen 3D bioinprimagailua
Prentsa-oharra
Gasteiz, 2021eko azaroaren 3a Gaur, Aldundiak Advance Pharma Development proiektuari emango dion laguntza ezartzen duen hitzarmena sinatu dute Arabako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak. Hitzarmenaren bidez, foru-erakundeak 650.000 euro emango dizkio, guztira, eragile bakoitzari, 2021etik 2023ra bitartean.
Honako hauek sinatu dute hitzarmena: Pilar García de Salazar diputatu nagusiordea eta Ekonomia Garapenaren, Berrikuntzaren eta Erronka Demografikoaren Saileko diputatuak; Inma Arostegui ikerketako errektoreordea; eta José Luis Elejalde TECNALIAren Lab Services alorreko zuzendaria. Ekitaldian, Manoli Igartua Arabako campuseko errektoreordea eta Jesus Valero TECNALIAko zuzendari nagusia ere izan dira, eta, halaber, proiektuaren arduradun operatiboak: EHUko Farmazia Fakultateko Jose Luis Pedraz doktorea eta TECNALIAko Eider Larrarte doktorea.
Akordioaren bidez, EHUk eta TECNALIAk baliabide material eta giza baliabide nahiko eta egokiak izan ahalko dituzte proiektua eraginkortasunez gauzatzeko. Izan ere, 2021ean, ekipamendu zientifiko berria erosten ari dira (besteak beste, bioinprimagailu bat), baita ikertzaileak kontratatzen eta Arabako Campuseko Lascaray Ikergunea ikerketa-zentroan dauden espazioak egokitzen ere.
Proiektuak Lascaray eraikinean izango du egoitza, EHUren Arabako Campusean. Haren helburua da gaitasun zientifiko-teknologikoak modu eraginkorrean gehitzea, eta, horrela, terapia farmazeutiko aurreratuei aplikatutako bioinprimaketako eta medikamentuen 3Dko inprimaketako teknologien esparruan baterako ikerketa bultzatzea.
Oinarrizko ikerketa bideratua eta ikerketa aplikatua nagusi izango dira ikerketa-zentroan. Hasieran, honako arlo hauekin lotutako ikerketa-esparruak izango ditu:
Gogoan izan behar da Farmazia Fakultatean dagoen NanoBioCel ikerketa-taldeak eta TECNALIAk hamarkadak daramatzatela elkarlanean, eta Araba arlo horretako erreferentzia bihurtu duela egindako bidearen emaitzak: Basque Pharma Labs 4.0 proiektuak. Foru Aldundiak proiektuari emandako laguntzari esker, 2018an instalazio berriak jarri ziren martxan Arabako Teknologia Parkean, estatuko aurreratuenak, eta lantaldea handitu zen, 25 pertsonatik 40ra, kualifikazio handiko langileekin.
Bi ekimen horiek, elkarrekin, Arabako Nodo Farmazeutikoa osatzen dute, Basque Advanced Therapies (BAT) programaren proiektuetako bat. Programak balio-proposamen batean uztartzen ditu lau proiekturen terapia aurreratuetako lan-ildoak, eta haien sinergiak eta osagarritasunak bilatzen ditu, Euskadi osasun-sisteman puntako erreferentzia izan dadin. Terapia horiek garatzeko, farmazia konbentzionalaz bestelako balio-katea duen industria berria behar da, bai eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza handia ere.
BAT programan, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemaren balio-kate osoak parte hartzen du: 4 enpresa-talde handi eta 18 ETE, sei ikerketa- eta teknologia-zentro, sei osasun-erakunde asistentzial, osasun-ikerketako hiru institutu eta bi elkarte sektorial. Halaber, nabarmentzekoa da lankidetzan diharduela beste autonomia-erkidego batzuekin, hala nola Nafarroako Foru Erkidegoarekin, eta foru-aldundiekin. BATen inbertsioa 462 milioi euroan zenbatetsi da, guztira.