Berria
Datu-espazioetan berrikuntzak egiten ditugu segurtasuna hobetzeko
Berria
Hiru ekimen pilotu egingo dira 2022. urtera arte, Basauriko, Donostiako eta Gasteizko bizilagun-komunitate banatan
AGREE ekimenean parte hartzen ari gara, beste erakunde batzuekin batera: Eusko Jaurlaritza, Basauriko, Donostiako eta Gasteizko Hirigintza eta Etxebizitzako udal-sozietateak (hurrenez hurren, Bidebi, Donostiako Etxegintza eta 21 Zabalgunea) eta Ihobe (Ingurumen Sozietate Publikoa).
Birgaitze-proiektu osoak egitea da AGREEren helburua, proiektu horietan irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa ardatz nagusi izanik. Finantziazio-sistema berriak sortuko dira, halako lanetarako berariaz diseinatuak, birgaitu behar diren etxebizitzetako biztanleek prozesuan parte hartzen dutela bermatuz.
Eusko Jaurlaritza buru duen proiektu honekin, ekimenean parte hartzen duten eraikinetan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetu nahi da, eta, hori ez ezik, birgaitzeen merkatua sustatu, eraikinen eraginkortasun energetikoa eta irisgarritasuna hobetu eta ingurumenerako onura handiak lortu (hala nola 2022rako urteko CO2 baliokidea 250 t murriztea).
Hiru proiektu pilotuekin lortutako esperientzia eta ezagutza eskuliburu batean bilduko dira, antzeko ezaugarriak dituzten eraikinetan erabiltzeko; hala, hobetu egingo da EAEko etxebizitza-parkearen egoera energetikoa, ingurumenekoa eta soziala.
Etxebizitza-parke zahartua
EAEko etxebizitza-parkea Europako hegoaldeko zaharrenetakoa da: bizitoki-eraikinen % 57 1940-1980 bitartean eraikiak dira, hots, efizientzia energetikoa arautu aurretik.
Eusko Jaurlaritzak azterketa bat egin zuen 2017. urtean, EAEko etxebizitza-eskaera eta -beharrei buruz, eta kalkulatu zuen 76.286 etxebizitza egongo zirela birgaitu beharrean lau urteko epean. Etxebizitza horien % 67 40 urte baino gehiagoko eraikinetan daude, jabeak adinduak dira eta hobekuntza-lanak egiteko baliabide ekonomiko gutxi dute.
AGREE proiektuak 562.000 €-ko diru-laguntza bat du, Europako Horizon 2020 programak finantzatua. Europar Batasuneko ikerketa- eta berrikuntza-programa handiena da hori, eta, AGREE eta antzeko proiektu berritzaileak lagunduz, Europaren lehiakortasun globala bermatzea du helburu.