Berria

ACCIONAk TECNALIAra jo du, metatua duen energiaren jatorria berriztagarria dela agerian jartzeko bloke-kateen teknologiaren bidez

2018ko urriaren 29a

TECNALIAk garatutako Traceblock plataformak hornidura-kate osoaren trazabilitatea kontrolatzeko aukera ematen du, eta ACCIONAren bi sorkuntza-instalaziotarako egokitu da: Barasoaingo energia eolikoko instalazioa eta Tuterako eguzki-energiako instalazioa

ACCIONA Energíak lehena izan nahi zuen sare elektrikora sartzen duen energiaren jatorria % 100 berriztagarria dela bermatzeko blockchain edo bloke-kateen teknologia erabiltzen, eta TECNALIAra jo du, ACCIONAk Nafarroan dituen metatze-instalazioetako biren energiarekin hori egin dezan. Zehazki, Tuterako instalazio fotovoltaikoan eta Barasoaingo instalazio eolikoan metatutako energiarekin. ACCIONAren asmoa da bloke-kateak erabiliz frogatzea konpainiaren ekoizpen elektriko osoaren jatorria berriztagarria dela, eta, horretarako, GREENCHAIN ekimena jarri du martxan.

“Energia berdearen kontratazio korporatiboaren merkatua hazi ahala, gero eta gehiago eskatzen da energia elektrikoaren jatorria berriztagarria dela frogatzeko, eta blockchain teknologiak asko lagundu dezake, munduko edozein tokitan, bezeroari zerbitzu hori ematen. Pozik gaude bide horretan lehen urrats hau emateagatik; izan ere, seguru gaude bide horrek ezarriko duela datozen urteetako joera” adierazi du Belen Linaresek, ACCIONA Energíako Berrikuntzako zuzendariak.

ACCIONAk garatutako STORe-CHAIN sistema gai da instalazioko kontagailuetan erregistratutako datuak kudeatzeko, eta, hala, energia berriztagarri osoaren trazabilitatea bermatzeko.  Datu horiek TECNALIAren TRACEBLOCK teknologian gordetzen dira, zeinak datuen fidagarritasuna baliozkotzen eta bermatzen baititu, baita bezeroarekiko gardentasuna ziurtatu ere.

TRACEBLOCK TECNALIAk garatutako blockchain plataforma bat da, hornidura-kate osoaren trazabilitatea kontrolatzeko, produktuaren bizi-zikloa barne dela.

TECNALIA erreferentzia da bloke-kateen teknologian, eta munduko aliantza nagusietan parte hartzen du, hala nola hauetan: EEA (Enterprise Ethereum Alliance) eta Hyperledger (The Linux Foundation). Espainia mailan, Alastriaren 4.0 industriako nodoaren buru da, eta AMETICen Blockchain Batzordeko lehendakariordetza du. Horrez gain, bloke-kateen lehen laborategi industriala du, Europan aitzindariak diren instalazioak dituena eta enpresei aukera ematen diena arrakasta izan duten kasuak ezagutzeko, probak egiteko, eta soluzio teknologikoen eta negozio-ereduen saiakuntzak egiteko ondoren martxan jartzeko.