Berria

Aldatzen ari da energia elektrikoko sarea, azkar gainera

2017ko urriaren 31a

Digitalizazioa negozio-aukera berriak ari da sortzen, eta orain aprobetxatu behar dira

TECNALIAk eta Orkestrak Ekipo Elektrikoei buruzko XV. Jardunaldiak (JIEEC) antolatu dituzte, non, "Energia elektrikoko sareak. Digitalizazioa eta energiaren biltegiratzea" goiburupean, energia elektrikoaren sarea “adimendun bilakatzearen” premiaz jardun baitira. Jardunaldi horretan nabarmendu dutenez, adimendunagoak izan behar dute energia elektrikoko sareek, energia berriztagarriei lekua egiteko; batez ere, behe-tentsioko sarera konektatutako energia-iturriei, hots, kontsumitzailearengandik hurbilen daudenei. Bestalde, geroz eta konplexuagoa da energia elektrikoko sarearen kudeaketa, eta arkitektura eta kontrol-estrategia deszentralizatuak behar dira.

Merkatu guztietan hedatzen ari den joera dugu digitalizazioa, eta elektrizitatearen sektoreak ere aprobetxatu egin behar ditu aukera teknologiko horiek. Sarea digitalizatzeko, kontsumitzaile digitalizatu geroz eta aktiboagoak behar dira, zerbitzuari geroz eta gehiago eskatzen diotenak; horrez gain, ekipo, sistema eta prozesuak ere digitalizatubehar dira, bai eta zerbitzu publikoak eta haiek eskaintzen duten zerbitzua ere.

Aldaketa estrategikoa gertatuko da zerbitzu publikoetako enpresen negozio-ereduan, elektrizitate-banatzaile izatetik elektrizitate-merkatuaren bideratzaile izatera aldatuko baitira. Eredu berri horretan, negozioaren funtsa datuak eta haien kudeaketa dira, eta haiek beste eragile batzuen eskura jartzea. Datu-analisiko eta adimen artifizialeko teknikak aplikatzeak areagotu egin dezake eskura dauden milioika datuen balioa. Aldaketa horretarako behar den oinarrizko teknologiaren parte bat garatu samarra dago jada, baina asko falta da hura probatzeko, lehendik dauden beste sistema batzuetan txertatzeko eta erabilgarri bihurtzeko.

Nazioarteko topaketa bihurtu dira jardunaldiak, non hainbat herrialde eta eremutako adituek ideiak trukatzeko eta teknikaren egoerari eta sektore elektrikoan berriki egin diren aurrerapenei buruz eztabaidatzeko aukera izan baitute. Azkenik, ezin izango ziren egin jardunaldi horiek hauen laguntzarik gabe: ABB, Arteche, Ingeteam, Ormazabal, Schneider, Siemens, ZIV eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila.