Berria

Aluminioa txatarretik berreskuratzen dugu, aluminio primariozko aleazioetan erabiltzeko

2021ko azaroaren 29a
recuperación de aluminio-tecnalia

TECNALIA aitzindaria da aluminio-txatar konplexuaren karga organikoaren %99 ezabatzen duen prozesua garatzen

Aluminioa eraldatzean sortzen diren hondakinak, partikula xehe, xafla eta txirbil formakoak, galdaketa bidez berreskuratzen zailenak dira. Horregatik, prozesu jarraitu berri bat garatu dugu, bi etapatan egitekoa. Atmosfera oxidatzaile kontrolatuko labe batean 300 °C-an berotzen da lehenik, eta, ondoren, 400-550 °C-an atmosfera geldoan. Horren ondoriozko ekintza termomekaniko konbinatuan, metalaren ezpurutasunak ezabatzen dira.

Horretarako, granulometria, lodiera eta jatorri desberdinetako material "konplexu" batzuk aztertu dira: elikagaien industriako lata lakatuak, txirbil lakatuak eta beste batzuk. Pisuaren % 15eraino C-z eta pisuaren % 1,5eraino O-z kutsatutako aluminio-txatarra teknologia berri horrekin tratatu zen, eta emaitzak C-a pisuaren % 0,15 eta O-a pisuaren % 0,3 baino ez zuen.

Galdaketa injektatuzko egitura-piezak

Galdaketa injektatuzko egitura-piezak (HPDC) ekoizteko, aluminio primariozko aleazioak erabiltzen dira gehien industrian. Aleazio horiek oso aleazio-elementu kaltegarri gutxi dituzte. Bigarren mailako aluminio-aleazioak, ordea, berreskuratutako txatarretik eta aluminio-zepatik sortzen dira nagusiki, eta horrek % 95eraino murrizten du elektrolisi bidez aleazio primarioak sortzeko behar den energia.

Ezpurutasunekin kutsatutako metalak tratatzeko gaur egungo prozesu termikoek, batez ere konposatu organiko asko dauzkaten metalak tratatzean (hala nola pinturak, lakak eta plastikoak), arazoak sortzen dituzte frakzio metalikoa lortzeko: prozesuaren tenperatura eta konposatu organikoekiko kontaktua handitzean, frakzio metalikoa oxidatu egiten da.

Arazo horiek guztiak direla eta, aluminiozko txatarraren korronte batzuk ezin dira berreskuratu gaur egungo prozesuekin, eta garapen berriak behar dira aipatutako arazoak konpontzeko.

Informazio gehiago

Garapen hori TECNALIAko Galdaketa eta Burdingintza arloak eta Biofintzea eta Hondakinen Balorizazioa arloak egin dute azken urteotan. HIGH TECH DIE CASTING (HTDC 2021) nazioarteko kongresuan aurkeztu da, “Development of a new process to recover aluminium from contaminated granulated or thin complex materials to employ for primary aluminium alloys” txostenaren bidez. I. Vicariok, J. Antoñanzas Gonzalezek, L. Yurramendi Sarasolak, J.C. Múgica Iraolak eta A. Abuin Aricetak egin dute txostena.