Berria

Haize-sorgailuak desmuntatzeko teknologia aurreratuak garatzen ari gara

2024ko azaroaren 11a
Innovación para la circularidad de las palas de aerogeneradores

"Energia eolikoaren sektorea kudeatzeko eta jasangarria izateko soluzio integral bat inplementatzen ari gara digitalizazio- eta birziklatze-teknika berritzaileen bidez"

Haize-sorgailuen balio-bizitzaren amaieran haien paletako konpositeak desmuntatzeko eta haien zirkulartasuna lortzeko teknologia aurreratuak garatzen dihardugu

TECNALIA lankidetzan ari da Lezama Demoliciones, Belako Lanak, SBS, Ogerko, Ergoa eta Saitec enpresekin, energia eolikoaren sektorearen jasangarritasuna bermatzeko, EAEko Tadeo ekimenean. Ekimen horren bidez, soluzio integrala inplementatu nahi da energia eolikoaren sektorea kudeatzeko eta jasangarria izateko, digitalizazio- eta birziklatze-teknika berritzaileen bidez. Zehazki, helburu hauek ditu:

  • Energia eolikoa sortzeak eragindako hondakinen ingurumen-inpaktua murriztea.
  • Hondakinak birziklatu eta tratatzeko sektorea digitalizatzea garraio-, bereizte- eta birziklatze-etapetan.
  • Material konposatuak birziklatzeko prozesuak optimizatzea, industria mailako eskalagarritasuna eta lehiakortasuna areagotzeko.
  • Birziklatutako materialak balorizatzea eta zenbait sektoretan izan ditzaketen erabilerak ezartzea.

Gaur egun, gero eta erronka handiagoa da haize-sorgailuen hondakinen kudeaketa: 2023an, 14.000 pala inguru desegin ziren; 40.000-60.000 tona material konposatu, guztira. Hondakin horien ehuneko handi batek zabortegietan amaitu zuen. Europako zenbait herrialdek debekatua dute praktika hori, dagoeneko.

David García-Estévez TECNALIAko ikerlariaren arabera, "etorkizun hurbilean turbina ia guztiak birziklatu beharko dira", bigarren eskuko merkatua murrizten ari baita, eta haize-sorgailuen eredu berriak efizienteagoak eta handiagoak baitira.

AAren bidez materialak era automatizatuan identifikatzea

Ikuspen artifizialeko teknologien bidez palen material nagusiak era automatizatuan identifikatzearekin hasiko da prozesua. Parke eolikoan bertan materialak gaika bereizi ondoren, eta hondakina jada sailkatuta eta trinkotuta dagoela, instalazio espezializatuetara garraiatuko dira materialak, eta bertan zuntz birziklatuaren kontzentratu bat lortuko da, eraikuntzako eta manufakturako sektoreetan aplikazio potentzialak izango dituena.

Horretaz gain, HECO teknologia (High Efficiency Contact) erabiltzen duen pirolisi-prozesu bat aurreikusten da. Horri esker, erretxina polimerikoak ezabatu ahalko dira zuntz birziklatutik; hala, aplikazio berrietarako balioa maximizatuko da, eta prozesuaren energia-kontsumoa murriztuko da. Hormigoietan eta bestelako material konposatuetan erabiltzeko baliozkotuko dira lortutako zuntz birziklatuak, bai laborategi-eskaletan, bai ingurune erdiindustrialetan.