Berria

Hidrogeno berdearen azpiegituren segurtasunerako teknologiak garatzen ditugu

2024ko azaroaren 4a
Tecnologías de seguridad de hidrógeno verde

"Saiakuntzak ZeroLab hidrogeno-laborategietan eta TECNALIAren Kubik eraikin esperimentalean egingo dira. Baliozkotzeko espazio kontrolatu errealen egitekoa beteko dute bi zentro horiek”

Hidrogeno berdearen azpiegituren segurtasuna bermatzea helburu duten teknologia berritzaileak garatzeko partzuergo baten buru gara

SEGURh2 ekimenean, iragarpen-eredu aurreratuak garatzen ari gara, egoera kritikoak —adibidez, ihesen hedapena— aurretiaz detektatzeko eta haien portaera ulertzeko, eta, horrela, hidrogeno berdearen azpiegituren segurtasuna bermatzeko: arrisku-egoerak analizatzen ditugu eta balizko inpaktuak simulatzeko eta aurreikusteko ereduak garatzen ditugu. 

Gainera, sentsorika adimenduna egiten ari gara, hidrogeno-ihesak detektatzeko eta hidrogeno-sentsoreen bizitza baliagarriaren amaiera noiz iristen den jakiteko, eta, horri esker, monitorizazio aktiboko sistemak sortzeko. Hala, hidrogenoaren hedadura-ereduak ezartzen ditugu, parametro esperimentaletan oinarrituta, bai eta beharrezkoak diren irizpideak ere, intzidentziei aurrea hartu eta azkar erantzuteko gai diren azpiegitura seguruak martxan jartzeko.

Saiakuntzak ZeroLab hidrogeno-laborategietan eta TECNALIAren Kubik eraikin esperimentalean egingo dira. Baliozkotzeko espazio kontrolatu errealen egitekoa beteko dute bi zentro horiek.

Hidrogeno berdearekin saiakuntzak egiteko azpiegiturak

Suteetarako eta leherketetarako segurtasun-aditu Fernando Morentek adierazi duenez, “proiektu honek aukera emango du ezagutza zientifiko-teknologikoa sortzeko, eta, ezagutza horren bidez, , ingurune irekietan zein itxietan hidrogeno-ihesak nola hedatzen diren ulertzeko eta segurtasun-araudi bat garatzeko oinarriak ezartzeko. TECNALIAk Europan aitzindaria den entsegu-azpiegitura bat du, aukera ematen duena zenbait eragiketa-baldintzatan hidrogeno-ihesak analizatzeko eta benetako ingurune kontrolatuak sortzeko, eta, hala, sentsorizazioaren efizientzia eta zenbakizko ereduen baliozkotzea hobetzeko".

SEGURH2 proiektua Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak finantzatzen du (ELKARTEK 2024 programa), eta ikerketa-zentro hauek hartzen dute parte: IKOR Technology Centre, Mondragon Unibertsitatea, UPV/EHU eta TEKNIKER eta BCAM Basque Center for Applied Mathematics.