Berria

Aparkatzen laguntzeko sistema berria, hegaldi-denborako kameretan oinarritua

2019ko irailaren 2a

Teknologia horrek ohiko metodoek baino hobeto laguntzen du, ibilbidea iragartzen duelako eta 3Dko talka-alertak dituelako, eta sistema horiek arindu egiten dituztelako gidariaren aparkatzeko maniobra-lanak

Aparkatzen laguntzeko sistemen helburu nagusia horixe da: gidariei aparkatzen laguntzea. Horretarako, egiaztatu egiten dute ibilgailuaren atzean ez dagoela objekturik, istripurik gerta ez dadin. Halako aplikazio gehienak ultrasoinu-sentsoreetan, kamera angeluhandietan, radarretan nahiz LIDARetan oinarritzen dira.

TECNALIAn beste urrats bat eman dugu, eta ibilgailuaren inguruko objektuen berreraikitzean oinarritutako sistema bat proposatu dugu. Objektuak berreraikitzeko, ToF edo hegaldi-denborako kamera batekin hartutako informazioa erabiltzen dugu (ToF: Time-of-Flight).

Hau da teknologia horren ardatza: pixelen eta 3D puntuen arteko erlazioa erabiliz inguruko ibilgailuen matrikulak detektatzea, posizioa kalkulatzeko, talkak aurreikusteko eta aparkatzeko libre dauden espazioak zehazteko.

Dagoeneko ebaluatu da sistema, bai paraleloan aparkatzeko, bai zeharka aparkatzeko, eta emaitza harrigarria izan da: sistemak % 93ko doitasuna du. Hala, frogatu da sistema honetan fidagarriagoa dela matrikulak hautemateko sistema egiaztatze-bikoitzari esker (irudi-prozesatzea eta puntu-hodeia), positibo faltsuak minimizatzen direlako. Gainera, hobeto hautematen ditu inguruko ibilgailuak, eta, ondoz ondoko ibilgailuen arteko distantziaz baliatzen denez, aparkatzeko libre dauden tokiak ere identifikatzen ditu.

Bestalde, ingurua 3Dn berreraikitzeak ohiko metodoek baino hobeto laguntzen du, ibilbidea aurreikusten duelako eta 3Dko talka-alertak dituelako, eta sistema horiek arindu egiten dituztelako gidariaren aparkatzeko maniobra-lanak.

Irudiak eta sakonera prozesatzeko, sentsore bakar bat erabiltzen da, eta, horri esker, garapen- eta inplementazio-kostuak txikitzen dira.

Ikerketa honen emaitzak Automatikako jardunaldietan aurkeztuko ditugu. Jardunaldi horiek irailaren 4tik 6ra egingo dira Ferrolen, eta automatikako ikertzaile, irakasle eta profesionalen topaleku izaten dira.