Berria

Berrikuntzako Sari bat eman digu Europak, garuna eta giharrak kontrolatzeko sistema bat garatzeagatik

2020ko urriaren 29a

ISMORE sistema garatzeagatik jaso dugu EARTO saria, Impact Expected kategoriakoa

Paralisia duten pazienteen garuna, giharrak eta mugimenduak berriz konektatzen dituen sistema bat da; nerbio-sistema hackeatzen du, eta mugimendu-asmoa deskodetzen du, artikulazioen kontrola berreskuratzeko.

ISMORE sistema terapia eraginkorra da pazienteentzat: mugimendu funtzionalak egiteko eta objektuekin interakzioan aritzeko aukera ematen die, eta nerbio-plastikotasun funtzionala aktibatzen du; horri esker, tratamendu pertsonalizatu ez-inbaditzaile bat lortzen da, gaur egungo errehabilitazio-terapiak baino nabarmen hobea.

Teknologia horri esker, % 30 gutxitzen dira errehabilitazio-kostuak eta pazienteak ospitalean egiten duen denbora.  Hain zuzen, gizartean ekarriko duen onuragatik saritu du EARTOk gure ikerketa-zentroa.

Garuneko odol-hodietako istripuak

Garuneko odol-hodietako istripuen eragina eta prebalentzia konpondu gabeko arazoak dira, eta ezgaitasun larrien eta epe luzekoen arrazoi nagusietako bat. Europan, ia zortzi milioi gaixo larri eta kroniko daude. Mundu osoan 34.000 dolarreko kostua eragiten dutela kalkulatzen da.

Gaur egungo errehabilitazio-terapiak ez dira behar bezain eraginkorrak, eta tratamenduak gogorragoak dira. Arazoak eragina du kliniketan, osasun-sistemetan eta aseguruetan ere, haiek beren gain hartu behar baitituzte errehabilitazioak eragindako kostuak: milaka euro paziente bakoitzeko.

Proiektu hau Tubingako Unibertsitatearekin eta Berkeleyko Kaliforniako unibertsitatearekin elkarlanean egin da, eta EAEko osasun-sistemaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Bruselako Unibertsitate Librearen, Donostiako eta Gurutzetako unibertsitate-ospitaleen, IIS Biodonostiaren eta SCReN erakundearen laguntza jaso du.

Berrikuntzaren EARTO saria

Ikerketa eta Teknologiako erakundeen Europako elkartea da EARTO, eta 1999an sortu zen. 350 RTO (Research Technology Organizations) baino gehiago ditu 20 herrialdetan.

EARTOko kideek goi-mailako prestakuntza duten eta berrikuntza-azpiegituren aukera zabala kudeatzen duten 150.000 ikertzaile ordezkatzen dituzte. Urtero ematen du Berrikuntzaren Saria EARTOk, 2009tik, bere kideen berrikuntza onenak aitortzeko eta Europako ekonomia moderno eta berrikuntzan oinarrituan zer garrantzia duten agerian jartzeko.

Impact Expected kategoriako saria VTT zentro finlandiarrak irabazi du, "Eggs without chickens" proiektuarekin; hirugarren saria, berriz, RISE suediarrak eskuratu du, "Super filaments” proiektuarekin.

Informazio gehiago