Berria

Bilboko portua da munduko lehena ingurumen-adierazpenaren ziurtagiri bat eskuratzen, eta gure laguntzarekin lortu du

2019ko ekainaren 27a

Azterketa konplexu eta xehea egin behar izan da, enpresa eta jarduera asko daudelako tartean

Produktuaren ingurumen-adierazpenaren ziurtagiria lortu duen munduko lehen portua da Bilbokoa. Produktuaren ingurumen-adierazpenaren bidez (ingelesez, Environmental Product Declaration, EPD), informazio kuantifikatu eta egiaztagarria ematen da produktu, material edo zerbitzu baten ingurumen-performantziari buruz. Produktuek bizi-ziklo osoan duten ingurumen-inpaktua zenbatesteko eta hobetzeko ekintzak ezartzeko erabiltzen dira tresna horiek.

Bilboko Portuak EDP International ziurtagiria lortzeko, portuko komunitateko berrogeita hamar bat enpresak hartu dute parte, gure esperientziaren eta aholkuen laguntzarekin.

2016. urtean ekin zitzaion azterketari, 2015eko ekitaldiaren datu guztiak analizatuz. Proiektua konplexua zen, enpresa asko zeuden tartean, eta datu asko analizatu ziren. Horregatik, 2018an amaitu zen azterketa, eta 2019an lortu da ziurtagiria.

Txostenean, prozesu hauek sartu dira, besteak beste: erregai-ekoizpena; lehengaiak, material osagarriak; erabilitako ura; portuaren, eraikuntzen, biltegien eta itsasargien eraikuntza; dragatuak; makinen, eraikinen eta ibilgailuen mantentze-lanak; makinen eta galdaren erregai-kontsumoa; elektrizitate-kontsumoa; langileen garraioa, eta hondakinen bilketa eta tratamendua.

Ebaluazioan ikusi zen eraikuntza-materialen hondakinei eta erregai- eta elektrizitate-kontsumoari zegozkiela inpaktu nagusiak. Ebaluazio honi esker, Bilboko Portuak hobetzeko alorrei antzeman die, eta estrategia bat definitu, ingurumen-inpaktua murrizteko neurriak ezartzeko, hala nola energia berriztagarriak erabiltzea, ibilgailu-flota berritzea (gutxiago kutsatzen duten ibilgailuekin), eraikuntzako materialak berriro erabiltzea eta itsasora isuriak egiten dituzten tokiak urritzea.