Berria

Egitura materialaniztun aurreratuak, automobilgintza-sektorean lehiakortasuna lortzeko

2018ko urriaren 10a

AIC-Automotive Intelligence Centerrek, Mondragon Unibertsitateak eta TECNALIAk antolatuta, automobilgintzako egitura materialaniztun aurreratuen 2. topaketa egin da; arrakasta handiarekin egin ere

Urriaren 2an egin zen "Advanced Multimaterial Structures In The Automotive Industry 2018" jardunaldi teknikoaren bigarren edizioa. Ehun profesional baino gehiago elkartu ziren automobilgintzako diseinuan eta fabrikazioan egitura materialaniztunak erabiltzeari buruz eztabaidatzeko.

Zentro teknologikoen eta unibertsitatearen laguntzarekin, Euskadiko automobilgintza-industria inbertsio handiak egiten ari da ibilgailu garbiagoak —eta, beraz, arinagoak— egiteko, betiere bidaiarien segurtasuna arriskuan jarri gabe. Horretarako, egitura materialaniztunen estrategia erabiltzen ari dira: "dagokion tokian, dagokion materiala".

Automobilgintzako fabrikazio-prozesuetan materialak konbinatzea izan zen topaketaren ardatza, eta hiru bloke nagusitan egituratu zen: merkatua, arintzea eta lotura-teknologiak. Azken gai horri lotuta aurkeztu zuten beren hitzaldia gure lankide Sonia Flórez eta Fernando Liébanak: "Multzo hibridoen laser bidezko lotura. Lotura hibridoen zelula, osagai materialaniztunak eta lotura itsasgarriek baino funtzionalitate gehiago dituztenak fabrikatzeko".

Hainbat enpresa eta elkartek egitura materialaniztunen estrategian duten ikuspegia azaldu zuten, besteak beste hauek:  EUCAR, Scope, A2Mac1, Arcelor, Edertek, Fagor Arrasate, Astar, Gestamp, Krausmaffei, Atlas Copco eta DoW Automotive Systems.

AIC-Automotive Intelligence Centerren hallean, Jaguar F-Pace-ren eta Audi Q5-en zenbait pieza erakutsi zituen A2Mac1-ek, merkatuan dagoeneko erabiltzen ari diren soluzioen adibide gisa.