Berria

EHU, IMH eta TECNALIA elkartu egin dira, fabrikazio aditiboaren bidez prozesatzeko aleazio metaliko espezifikoak diseinatzeko

2021ko apirilaren 26a
UPV-EHU, IMH y TECNALIA se unen para diseñar aleaciones metálicas específicas para ser procesadas por fabricación aditiva

Proiektu hori arrakastaz bukatu ondoren, hurrengo erronka lantzen ari da partzuergoa: teknologia merkatura transferitzea

Espero baino motelago iristen ari dira merkatura fabrikazio aditiboko teknologia batzuk; bereziki, aluminioa oinarri duten osagaiak prozesatzeko direnak. Izan ere, fabrikazio aditiboaren prozesuen ezaugarri espezifikoen eraginez, arazoak daude osagai horien kalitatea eta osotasuna bermatzeko, eta zailtasunak daude erresistentzia handiko aluminio-aleazioak prozesatzeko, prozesu horietan oso egitura heterogeneoak eta pitzadurak sortzen direlako.

Gaur egun erabiltzen diren aleazioak teknologia tradizionalagoetarako garatu dira, eta horregatik sortu da fabrikazio aditiboko prozesuen lan-baldintza berezietara egokitutako aleazioak garatzeko beharra. Fabrikazio aditiboaren sektoreak badaki emaitzak ez direla onak izango fabrikazio-prozesuari zuzenean lotutako irizpide jakin batzuk betetzen dituzten lehengaiak izan arte, eta, premiaz, soluzio bat eskatu dio komunitate zientifiko-teknologikoari.

EHU, IMH eta TECNALIAk osatutako partzuergoa hautatu zuten erronka horri heltzeko, konputazio-metodoen, aleazio metalikoen garapenaren eta fabrikazio aditiboko prozesuen ezagutza eta alor horien inguruko ahalmenak batuta. Emaitza aluminiozko aleazio metalikoen familia bat da (ALAM aleazioen familia), hauts-ohantze bidezko teknologiekin (SLM) eta ekarpen selektiboko teknologiekin (LMD eta WAAM) bateragarria, eta gaur egun duten zorroa handitzeko aukera emango die enpresei.

Informazio gehiago

  • Proiektu hori arrakastaz bukatu ondoren, hurrengo erronka lantzen ari da partzuergoa: teknologia merkatura transferitzea.
  • Ekimena Eusko Jaurlaritzak finantzatu du Alor Estrategikoetako Elkarlaneko Ikerketarako Laguntza Programaren barruan (ALAM 2019/00069).