Fabrikazio-sektorearen lehiakortasuna, jasangarritasuna eta produktibitatea hobetzea da helburu nagusietako bat
EIT Manufacturing 4.0 fabrikazioko Europako berrikuntza-sare handiena da, eta fabrikazio-sektorearen lehiakortasuna, jasangarritasuna eta produktibitatea hobetzea du helburu. Bi milioi enpresa baino gehiago ditu, eta ia 30 milioi pertsona ari dira haietan lanean zuzenean.
Ekimenak Euskadin, Alemanian, Suedian, Austrian eta Italian ditu egoitzak, eta Parisen du egoitza nagusia. I+Gko lankidetza, trebakuntza eta negozio berriak sortzea oinarri dituzten proiektuak sustatzea eta laguntzea da ekimen honen helburua, jarduera-ardatzak izanik robotika, digitalizazioa, “0 akatseko” fabrikazioa eta fabrikazio aditiboa.
Mendebaldeko nodoa Euskadin egongo da, eta erakunde hauek jarriko dute martxan: Aernnova, Mondragon Korporazioa, IK4 Research Alliance, ITP Aero eta TECNALIA. Haiek koordinatuko dituzte Frantziako, Portugalgo eta Espainiako erakundeak eta sustatuko erakunde horien parte-hartzea.
Toni Pijoan gure lankideak bi bitarteko postu ditu EIT Manufacturing-en: Business Creationeko zuzendaria eta CLC Westeko zuzendaria da.
Ekimenaren lehen deialdian, zazpi proiektu izan genituen:
Bi berrikuntzan
- DEDALUS: Energia hornitzeko teknologia, monitorizazio- eta kontrol-sistema batean integratutako prozesu-algoritmoekin zuzendua
- SOFOCLES: Zigilatzeko euskarri adimendun eta malguko soluzioak
Bat hezkuntzan
- YML, Young Manufacturing Leaders: manufaktura-sektoreko enbaxadore gisa mugituko den ikasleen eta gazteen sare bat sortzea.
Bi Regional Innovation Scheme-n (RISen)
- ManuLearn, Learning through manufacturing challenges: berritzeko gaitasuna hobetzea eta etorkizuneko fabrikazio-erronkei aurre egiteko gaitasun digitalak areagotzea.
- ShapiNG, Shaping the Next Generation of manufacturing professionals: Europako gazteak, bereziki Bigarren Hezkuntzako ikasleak (15 urtetik 18 urtera bitartekoak), motibatzea eta haien interesa areagotzea fabrikazioaren arloko jardueretarako, EIT RIS herrialdeen barruan: Portugal, Espainia, Grezia eta Eslovakia
Bi Business Creation-en
- Open Innovation Centre for the Industry of the future: manufaktura-enpresen Europako eraldaketaren buru izatea, haien negozioak dibertsifikatuz edo eguneratuz, teknologia berritzaileen eta negozio-eredu berrien bidez. 100 enpresak baino gehiagok hartuko dute parte, eta 50ek laguntza intentsiboa jasoko dute, 4.0 industriako enpresa berritzaileen Europako sare bat sortuz.
- Gazelle Accelerator: teknologian oinarritutako Europako enpresek hazkunde-potentzial handia dute, baina, sarritan, industriaren zatiketak eta Europako merkatuan duten ikusezintasunak oztopatzen dute haien hedapena. Gure programak sarea eta euskarria eskaintzen die oinarri teknologikoko enpresei (bereziki ETE-ei eta start-upei), zabaltzeko eta etorkizuneko Europako enpresa gazela bihurtzeko. Gazelle Accelerator-en taldea bazkide industrialek, ikerketakoek eta akademikoek osatzen dute, eta etorkizun handiko 50 start-up edo ETE bultzatuko ditu 2020an.