Berria

Dagoeneko, Elorriok badu guk landutako eguzki-mapa

2024ko abenduaren 3a
Mapa Solar Elorrio

“TECNALIAk Argiñola Elorrioko Energia Berriztagarrien Kooperatibak eskatuta egindako azterlan baten emaitza da,”

TECNALIAk garatu duen mapa digitalaren bidez, Elorrioko eraikinek eguzki-energia sortzeko zer ahalmen duten jakin daiteke.

Argiñola Elorrioko Energia Berriztagarrien Kooperatibak eskatuta, TECNALIAk azterlan bat egin du, eta haren emaitza Elorrioko eguzki-mapa da. Mapak eraikin bakoitzari buruzko informazio zehatza ematen du.

Baliabide hori funtsezko tresna da Elorrioko Energia Berriztagarrien Plan Zuzentzailerako, zeina 2025ean aurkeztuko baita.

Eguzki-maparen erabilerak

Mapa sarean dago, eta erabiltzaileek, hara sartuta, zoom sinple baten bidez bilatu dezakete Elorrioko edozein etxe edo eraikin. Eraikin bat hautatzean, honako informazioa hau lortzen da berehala:

  • Eraikinaren edo orubearen estalkiaren azalera osoa.
  • Panel fotovoltaikoak instalatzeko azalera erabilgarria.
  • Potentzia instalagarria eta potentzialki sortu daitekeen energia.
  • Saihesten diren CO2-emisioak.
  • Instalazioaren kostu zenbatetsia.
  • Beste aprobetxamendu-adierazle batzuk, erabakiak hartzen edo eremuak lehenesten laguntzen dutenak.

Energia berriztagarriei bultzada

Proiektu hori energia-erkidegoak sustatzen dituzten Europako zuzentarauen barruan kokatzen da; energia berriztagarria kolektiboki ekoizteko, kontsumitzeko, biltegiratzeko, partekatzeko eta saltzeko aukera eskaintzen die herritarrei. Ekimen horiek Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko EAEko 1/2024 Legeak ere babesten ditu, zeinak trantsizio energetikoan gizarteak zeregin aktiboa izatea sustatzen baitu.

TECNALIAren aztergaia ez dira soilik eraikinen teilatuak izan; lurzoru kutsatuetan eta aparkalekuetan eguzki-teknologiak instalatzeko aukera ere sartu da azterketan, kontuan hartuta orografia, hiri-egitura eta eraikuntzako eta naturako elementuek eragindako itzalak.

Elorrioko eguzki-mapa online kontsultatzeko moduan dago; eraikin edo eremu nabarmen bakoitzerako kalkulatutako adierazle energetikoak eta ekonomikoak eskaintzen ditu. Horrela, udalerrian proiektu berriztagarriak garatzeko aukerak identifikatzen laguntzen du.