Berria

Ekipamendu elektrikoen hutsegite-analisiaren garrantzia

2023ko otsailaren 27a
Análisis de fallos equipos eléctricos_Tecnalia

«Hutsegiteen analisia oinarrizko tresna da aktiboen kudeaketan, ustiaketan arriskuak eta inpaktua murrizteko».

Esperientzia handia dugu sare-osagai eta -ekipamenduen zein instalazio elektrikoen hutsegiteak diagnostikatzen.

Hutsegite-analisia egiteko, kaltetutako elementuaren aditu-azterketa (ikuskapen bisuala eta makrografikoa) eta hutsegitearen inguruko baldintzen azterketa egiteaz gainera, oro har, materialak analizatu behar dira eta zerbitzu-baldintzak errepikatzen dituzten saiakuntzak egin behar dira.

Saiakuntza-metodo ugari aplika ditzakegu: elektrikoak, mekanikoak edo ingurumenekoak. Materialak aztertzeko teknika sofistikatuak ditugu, hala nola ordenagailu bidezko bereizmen handiko 3 D tomografia eta ekorketazko mikroskopia elektronikoa (SEM).

Esperientziak eta saiakuntza- eta analisi-gaitasunek aukera handia ematen dute honako hauen analisian arrakasta izateko: materialak eta ekipamenduak; goi-tentsioko eta behe-tentsioko kableak edo haien osagarriak (loturak, terminalak); banaketa- eta neurketa-transformadoreak; erdi-tentsioko eta behe-tentsioko tresneria; koadro elektrikoak, isolagailuak edo tapa-pasagailuak; eta, oro har, energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko, banatzeko eta erabiltzeko den edozein osagai edo ekipamendu.

Hutsegite-kausaren diagnostikoa

Analisiaren bidez, huts egin duen ekipamenduak zer modutan huts egin duen identifikatu nahi da, eta horren jatorrian dagoen kausara iritsi. Hutsegitea izan daiteke materialaren diseinuan, fabrikazioan edo instalazioan akatsak izan direlako, zerbitzuaren baldintzetarako modu desegokian aukeratu delako edo ezohiko gertaerengatik.

Hutsegite-kausaren diagnostikoa oso interesgarria da sare elektrikoetako operadoreentzat edo parke eoliko edo fotovoltaikoen gisako sorkuntza- edo kontsumo-instalazio handietako operadoreentzat, era horretan ardurak finkatzeko eta etorkizunean berriro ez gertatzeko neurriak hartu baititzakete. Hutsegiteen analisiak instalazioen funtzionaltasuna eta pertsonen eta ingurunearen segurtasuna bermatzen laguntzen du.