Berria

Energia-komunitate efiziente, seguru eta erresilienteak

2023ko uztailaren 26a
Modelos energéticos

"Tokiko energia-komunitateak modu berri bat dira energia zenbait formatan (elektrizitatea, gasa, beroa, hozketa, hidrogenoa, mugikortasuna edo ura) kudeatu, erabili eta sortzeko"

Soluzio bat garatzen ari gara tokiko energia-komunitateen jasangarritasuna eta energia-segurtasuna hobetzeko, eNeuron ekimenaren esparruan

eNeuron plataforma osatzen duten tresnak behar bezala dabiltzala simulazio-mailan egiaztatzen eta laborategian baliozkotzen dihardu TECNALIAk Horretaz gain, Eindhovengo Unibertsitate Teknologikoarekin lankidetzan, prosumitzaileen artean energia trukatzeko euskarri-aplikazioa garatzen ari da, P2P (Prosumer to Prosumer) ereduari jarraituz.

eNeuron ekimena tokiko energia-komunitateen jasangarritasuna eta energia-segurtasuna hobetzeko soluzio bat da. Hodeian oinarritutako kudeaketa-plataforma bat da, eta modu dinamikoan orekatzen ditu energia-eramaile askoren energia-eskaintza eta -eskaria. Funtsezko teknologia aurreratu eta aitzindaria da energia berriztagarriaren aldizkakotasunari erantzuteko, eta biltegiratze-baliabideen eta kargen kudeaketarekin integratzen du.

Energia-komunitateek askotariko eragileak batzen dituzte (hala nola azpiegitura-hornitzaileak, energia-aktiboen jabeak, sare-operadoreak, agregatzaileak, energia-zerbitzuen enpresak edo azken erabiltzaileak); horregatik, zaila da haien diseinua eta operazioaren plangintza optimizatzea.

Kasu pilotuetan aplikatzea

Europako lau esperientzia pilotutan aztertzen ari da ekimena:

  • Bydgoszcz hiria (Polonia), eta haren energia-nodo nagusiak
  • Skagerak futbol-estadioa eta haren inguruak (Norvegia)
  • Banaketa-sare propioa duen Lisboako itsas barruti bat
  • Eta Anconako unibertsitate-campusaren zenbait gune (Italia)

Egiaztatze-fase horrek aukera emango du erreplikagarritasuna egiaztatzeko, tokiko komunitateen zenbait testuingurutarako kontzeptu eta konponbide gisa.

Tokiko energia-sareak optimizatzea

eNeuron ekimenaren helburua tokiko energia-sareak optimizatzea da, energia-iturri berriztagarrien sartze handia bermatzeko eta, hala, hauetarako bidea emateko:

  • Eraikinen energia-eskariaren eta haien prozesuen kudeaketa hobetzea: besteak beste, hondar-beroa berreskuratzea, berokuntza eta hoztea barne, eskala-ekonomietarako integratzea eta, energia berriztagarrietatik abiatuta, bero- eta elektrizitate-hornidura dibertsifikatzea.
  • Mugikortasuna, ibilgailu elektrikoen erabilera masiboaren bidez.
  • IKTak euskarri gisa erabiltzea, gainbegiratze eta kontrol adimendunak eskaintzeko, eta, hala, energia-kontsumoa minimizatzeko, eta energia sortu, biltegiratu eta kontsumitzeko fluxuen eta lotutako teknologien kudeaketa adimenduna izateko.

Europako Batzordea

**Proiektuak Europar Batasunaren ikerketako eta berrikuntzako Horizon Europe programaren finantzaketa jaso du, 957779 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.