Berria

Logroñoko Udalarekin elkarlanean ari gara klimara egokitzeko egiten ari den prozesuan

2024ko azaroaren 13a
Cómo prepararse ante olas de calor: la experiencia de Logroño

"Logroñoko Udalak TECNALIAren laguntza izan du, zeinak tresna bat garatu baitu, bero-boladak areagotzearen aurrean hiria egokitzen laguntzeko”

Logroñoko Udalarekin elkarlanean ari gara klimara egokitzeko egiten ari den prozesua bizkortzeko; zehazki, bero-boladen areagotzera eta hiriaren gainberotzera egokitzeko prozesua bizkortzeko.

Logroñok plan estrategiko bat diseinatu du, portaera-protokoloak ezartzen dituena, bai alerta-mailak zehazteko eta hedatzeko, bai bero-boladen gorakadaren aurrean hiria egokitzeko. Prozesu horretan, Udalak TECNALIAren laguntza izan du, zeinak hiriko gune kritikoak identifikatzeko Thermal Assessment Tool tresna garatu baitu.

  • Tresna horrek bero-boladen bilakaerari buruzko informazioa ematen du, kontuan hartuta Europako hainbat eskualde eta hiritako —haien artean, Logroñoko— iraganeko, egungo eta etorkizuneko datuak.
  • Era berean, soluzio horrek lurrazaleko tenperaturaren mapak sortzen ditu (satelite-irudietan oinarrituta), zeinen bidez tenperatura horrek azken urteetan (2019-2023) hirietan izan duen bilakaera bistaratzeko aukera ematen baitu.
  • Horrek guztiak aukera ematen du hiriko gune kritikoak espazioan identifikatzeko eta hobeto ulertzeko nola eragiten dion hiri-morfologiak gainazaleko tenperaturari udako beroaldietan.

Klima-inpaktu horien ebaluazioa osatzeko, gizarte-kalteberatasunaren mapaketa bat egin da. Mapaketari esker aiseago identifikatzen dira hiriko gune kalteberenak, zeinetan egokia baita erresilientzia-estrategiak inplementatzea, kontuan hartuta adinagatik ahulak diren hiritarrak, baliabide ekonomiko urrikoak, eta abar.

Tresna horiek Europako Reachout ekimenaren esparruan garatu dira, eta Logroñon erabili dira, klimara egokitzeko prozesuan zer eremutan jardun lehenesteko.

Hiriko bero-uhartearen efektua

Muturreko bero-gertaera jarraitu horietan, Logroño bezalako hiriak bereziki kalteberak dira; izan ere, urbanizatuta dauden moduak bero-kontzentrazioa areagotzen du. Horrela, hiriko bero-uharte efektua sortzen da; gauez bereziki gogorra izatera irits daiteke. Horrek ondorioak ditu gizakien osasunean, laneko produktibitatean eta hozteko energiaren kontsumoan. Horregatik, ezinbestekoa da inpaktu horiek minimizatzen lagunduko duten neurriak eta estrategiak identifikatzea.

Logroñon erosotasun termiko handiagoa sortzeko soluzioak

Garatutako tresnen laguntzarekin, Logroñok 2025etik 2028ra bitartean zenbait soluzio ezartzea planifikatu du, bost tipologiatan bilduta daudenak:

  • Hiri-dosela handitzea zuhaitz berrien bidez
  • Hiriko aisialdirako guneetan eguzki-babesa ezartzea
  • Oinezkoentzako guneetan lainoztatze hidrikoa ezartzea
  • Ur-azpiegiturak ezartzea, hala nola iturriak eta ur-jokoak, -xaflak eta -gortinak
  • Parke berriak sortzea

Reachout-i buruz

Reachout ekimenak tresnak, zerbitzu klimatikoak eta aholkularitza-zerbitzuak eskaintzen ditu hiria egokitzeko eta erresilientzia planifikatzeko. Tresnak eta zerbitzuak A Hirukoitza ikuspegiaren arabera sailkatzen dira. Ikuspegi hori hiru fase nagusitan ardazten da: analisia, anbizioa eta ekintza.

Ikuspegi hori Europako zazpi hiritan aplikatu da (Milan, Atenas, Lillestrøm, Gdynia, Cork, Amsterdam eta Logroño). Haren bidez, klima-aldaketarekiko mehatxuak eta kalteberatasuna analizatzen lagundu nahi da, bai eta klimarekiko erresistentea den hiri-garapen baterako soluzioak formulatzen ere; baina, batez ere, hura aplikatzeko egokitzapen-neurri egokienak identifikatzen eta hautatzen lagundu nahi da.

Proiektu horren barruan, Logroñoren helburua da ingurumenaren degradazioa arintzea eta prebenitzea eta, horrekin batera, bero-boladek, euri-uholdeek eta lehorteek eragindako arriskuei aurre egitea.

Kontsultatu hemen Logroñoko beroaren eta klimaren historia.