Berria

Eraldaketa digitala enpresetara eramaten ari gara, ekoizpena hobetzeko

2019ko ekainaren 13a

+Industry azokan, galdaketa-sektorerako, fabrikazio aditiborako eta iragartze-sistemetarako sistema aitzindari batzuk aurkeztu ditugu

Fagor Ederlanekin elkarlanean, motor-blokeak arintzeko teknologia bat garatu dugu (horixe da ibilgailuetako osagai astunena). Presio handiko galdaketa-prozesu bat da, produktibitate handikoa eta kalitate handiko piezak ekoizteko balio duena. Hain zuzen, horri esker, posible da ibilgailuak egokitzea Europak ezarritako CO2 eta NOx emisio-mugetara.

baja

Duela hamar urte baino gehiagotik, gure apustu handienetako bat da fabrikazio aditiboa. Hainbat abantaila ditu: material ugari erabil daitezke, bereizmen handiko piezak fabrikatu daitezke, energia-kontsumoa eta fabrikazio-denbora murrizten dira, eta materialak berrerabiltzeko aukera ematen du. Gure garapenetako bat Binder Jetting teknika da: proiekzio termikoan eta hauts-ohearen gainean aglutinatzailea jalkitzean datza.

Baina digitalizazioa, fabrikazio aditiboan ez ezik, ekipoen eta industrien mantentze-lanetan eta iragartzeetan ere garrantzitsua da oso. Kasu honetan, +Industry azokan, eta, zehazki, Maintenance eremuan, aerosorgailuen mantentze-lanetarako sistema bat aurkeztu dugu —mantentze-lan prediktiboetarako sistema bat da, adimen artifizialeko tekniketan oinarritua, ekipoak hobeto kudeatzeko—; eta, horrekin batera, osagai aeronautikoetarako ikuskatze-teknika berriak.  

Aerosorgailuen mantentze-lanetarako sistema ardatz nagusien egitura-osasunaren monitorizazioan oinarritzen da. Pitzadurak denbora errealean hauteman eta monitorizatzeko aukera ematen du; hala, elementu bakoitzaren balio-bizitza kalkula daiteke, eta segimendua egin dakioke, harik eta ardatza aldatu behar dela ohartarazten duen arte. Gaur egun, ia 100 makinatan dago instalatua sistema hau.

Mantentze-sistema prediktibo hau adimen artifizialeko tekniketan oinarritzen da (hala nola biki digitalak, IoT sentsoreak eta plataformak, eta machine learningeko teknologiak), eta, horiei esker, mantentze-lanen kudeaketa optimizatzen da, aktiboen fidagarritasuna eta eskuragarritasuna hobetzen dira —eragiketa eta simulazioetako datuak fusionatuta—, eta ekipoen eta ekoizpen-lerroen oraingo eta etorkizuneko egoerari buruzko informazioa ematen da. Sistema hau PETRONORekin elkarlanean ari gara garatzen gaur egun.

baja mantenimiento

Bestalde, ikuskatze-sistema berriak garatzen aritu gara osagai aeronautikoetarako, zeinak material eta fabrikazio-prozesu berriekin fabrikatu baitira, ultrasoinu-teknologien eta ikusmen artifizialeko teknologien bidez.