Berria

ERIGrid, Europako Batzordeak eredugarritzat duen ekimena, Horizon Impact Awards sarietako hautagai

2020ko apirilaren 30a

171 ikertzailek doan erabili dituzte sare elektriko adimendunen inguruko ikerketarako ERIGrid azpiegiturak

ERIGrid, Europako Batzordeak eredugarritzat duen ekimena, Horizon Impact Awards sarietako hautagaia da. Sari horien bidez, emaitzak gizarteari balioa emateko erabili dituzten proiektu bikainak aintzatesten dira.

ERIGrid (European Research Infrastructure supporting Smart Grid Systems Technology Development, Validation and Roll Out) plataformak sare elektriko adimendunen alorreko Europako ikerketa-azpiegitura onenak doan erabiltzeko aukera eman du lau urte eta erdiz.

Partzuergoa 19 laborategiz eta 73 ikertaldez osatua dago, Europako 11 herrialdetan, eta ikerketa-erakundeetako, unibertsitateetako, ekipamendu-fabrikatzaileen eta zerbitzu publikoen enpresetako 171 ikertzailek sare elektriko adimendunen inguruko garapenak, simulazioak eta saiakuntzak egin dituzte.

2020ko apirilaren 1ean amaitua da proiektua, plataforma estatuz haraindi erabiltzeko sei deialdi egin ondoren. Hitzaldi baten bidez eman zaio amaiera proiektuari (COVID-19a dela eta, online), non erabiltzaile batzuek beren proiektuak aurkeztu baitituzte.

ERIGrid plataformak, estatuz haraindi erabiltzeko aukera emateaz gain, sarbide irekiko metodo eta tresnen sorta bat garatu du, sare elektriko adimendunen konfigurazio aurreratuak probatzeko eta baliozkotzeko, ikuspegi holistiko baten arabera.

ERIGrid2.0 aukera ezin hobea da haren saiakuntza-instalazioak doan erabiltzeko, eta, gainera, partzuergoko sare elektriko adimendunen alorreko adituen laguntza teknikoa, logistikoa eta administratiboa eskaintzen du. Halaber, erabiltzaileei ordaindu egiten zaizkie azpiegiturak erabiltzeari lotutako bidaia- eta ostatu-gastuak.

TECNALIA da ERIGriden estatuz haraindiko erabilera-programa osoaren erakunde kudeatzailea, eta bere saiakuntza-instalazioak ere eskaini ditu: 80 erabilera-egun baino gehiago utzi dizkie Greziako, Austriako, Indiako, Suitzako eta Alemaniako 6 ikertalderi (19 ikertzaile).

 

Logo ERIGrid 4C RGB 72dpiEU-FlagProiektu honek Europar Batasuneko ikerketa eta berrikuntzako H2020 programaren finantziazioa jaso du, 654113 zenbakiko diru-laguntzaren bidez.