Berria

Etorkizunera begira: EIT Manufacturing eta EIT Urban Mobility ekimenen aurkezpena

2019ko urtarrilaren 25a

Hiriko mugikortasun-sistema ekologikoagoa, inklusiboagoa, seguruagoa eta adimendunagoa izaten lagunduko du EIT Urban Mobility ekimenak

Berrikuntzaren eta Teknologiaren Europako Institutuak (EIT) ofizialki aurkeztu ditu bere azken bi berrikuntza-komunitateak: EIT Manufacturing eta EIT Urban Mobility. Hemendik 15 urtera gizartea nolakoa izan litekeen erakutsi du institutuak bere bazkideekin batera (TomTom, COMAU, Siemens, CEA, Pragako Txekiar Unibertsitate Teknikoa, Vienako Unibertsitate Teknikoa eta Bartzelonako Hiria).

Gizarte horretan, industriako fabrikazioa jasangarria izango da, baliabideak efizientziaz erabiliko dira, dena digitala izango da eta, batik bat, lehiakorra. Halako gizarte batean, ekonomia zirkularra sustatzen da; hazkundea ahalbidetzen da; enplegu-aukera askotarikoak eskaintzen dira, langileak ere askotarikoak eta oso kualifikatuak izan daitezen; logistikaren eta garraioaren kudeaketa adimenduna egiten da; pertsonek garraiobide (publiko) elektrikoak erabiltzen dituzte, partekatuak zein banakakoak, betiere nahieran eta oso efizienteak; hirietan bizitzeko, paseatzeko eta jolasteko toki gehiago dago, eta airearen kalitatea, auto-ilarak eta aparkalekua bilatu beharra ez dira inoren kezka-iturri.

Hau esan zuen Gioia Ghezzik, EITren Gobernu Batzordeko kideak: «Zirrara eragiten dit gure berrikuntza-komunitate berriak aurkezteak; soluzioak bilatuko dizkiete munduko erronka handi horiei, eta eraginkortasunez lagunduko diote mundua jasangarria izateko behar den industria-iraultzari. EITk lortu nahi dituen helburuen adibide bikaina dira: enpresak, hezkuntza eta ikerketa bilduz benetako berrikuntzak egitea akuilatzea, non berrikuntza horiek inpaktu jakin bat baitute eta haien ondorioz Europako herritarren bizitzak hobeak eta jasangarriagoak izango baitira».

Europarren % 70 hiriguneetan bizi dira, eta hiriko mugikortasunari dagokio errepide bidezko garraioaren CO2-emisioen % 40. Europar Batasunean, hiriguneetan eta hiri-inguruneetan gertatzen dira buxadurak, eta urtean 100.000 milioi euroko kostua eragiten du, gutxi gorabehera; hots, EBko BPGaren % 1.

Maria Tsavacidisek, EIT Urban Mobilityko CEOak, hau adierazi zuen: «Gaur egungo mugikortasun-eredua ez da inola ere jasangarria. Aldatzeko, soluzioak behar ditugu erronka gako batzuetarako: zirkulazioa arintzea, hiri-hazkundea jasangarria izatea eta garraioa ekologikoki efizientea izatea. Orain egin behar dugu hori, teknologiak zabalduz eta hedatuz, eta araudiak eta azpiegiturak aldaraziz. Herritarrek ere izan behar dute hitza eta aktiboki parte hartu hiri-mugikortasunaren ekosistemaren eraldaketan, elkarrekin bila ditzagun soluzio berritzaileak. Espazio publikoa berreskuratu nahi dugu, antzinako greziarrek «agora» funtzio deitu ohi zituzten jardueretarako: bizi, lan egin, bildu. Horixe da, hain zuzen, EIT Urban Mobilityrekin lortu nahi duguna: hiriak bizitzeko atseginagoak izan daitezela herritarrentzat».

Europar Batasunean, manufaktura-sektoreak 30 milioi langile inguru ditu, 2,1 milioi enpresatan; batez beste, BPGaren ia % 20 osatzen du. Fabrikazioaren industriak, ordea, faktore ugariren presioa jasaten du, hala nola teknologiaren aurrerapen bizkorrak eta ekonomia zirkularrago baten beharra.

«Europako manufaktura-sektorea era jasangarrian haztea nahi badugu, berritu egin behar dugu, eta 4.0 industria ezarri. Aldaketa hori egiteko, inbertsioa eta hezkuntza behar dira», esan du George Chryssolurisek (Patraseko Unibertsitateko irakaslea eta EIT Manufacturingeko bazkide koordinatzaile nagusia). «EITren berrikuntza-eredua ezin hobea da horretarako: enpresa, industria, ikerketa, hezkuntza eta sektore publikoa biltzen dituenez, aldaketa katalizatzaile ez ezik, inbertsio eta aukera berrien sortzaile ere bada. Munduan ez dago EITren pareko ekimenik».

Hiri-garraioko sistemak

EIT Urban Mobility partzuergoa 15 herrialdetako 48 bazkidek osatzen dute; hauek dira, besteak beste: Kopenhage, Eindhoven, Praga eta Istanbul hiriak, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa, Israelgo Institutu Teknologikoa, SEAT, Lausanako Eskola Politekniko Federala, eta Volkswagen Truck & Bus.

Migrazioaren, aldaketa demografikoaren eta interes ekonomikoaren ondorioz, espero baino askoz ere bizkorrago ari gara urbanizatzen, eta, beraz, benetako beharra dago hiri-garraioko sistema eguneratuetan inbertitzeko. Gero eta gehiago eskatzen dira, halaber, hiri-inguruneetako pertsona eta salgaietarako garraio konpartitu, garbi eta nahierakoa lortzeko soluzioak, Europako hiri askotan asmo handiko helburuak ari direlako ezartzen Pariseko hitzarmenaren xedeak bete ahal izateko. Hiriko mugikortasun-sistema ekologikoagoa, inklusiboagoa, seguruagoa eta adimendunagoa izaten lagunduko du EIT Urban Mobility ekimenak.

Informazio gehiago EIT Urban Mobilityri buruz

EIT Manufacturing partzuergoa 17 herrialdetako 50 bazkidek osatzen dute; hauek dira batzuk: Volkswagen, TECNALIA, INESCTEC, Volvo, Aernnova, Arduino, LMS, Aerospace Valley eta Spinea. Europako herrialdeetan, fabrikazioa presio handia jasaten ari da: mundu mailako lehia handitzea, garabidean dauden herrialdeetan kostu txikian ekoiztea eta lehengaiak eskastea. Merkatuaren eta gizartearen behar berriak, aurrerapen teknologiko bizkorrak eta ingurumen- eta jasangarritasun-baldintzak sektorea aldarazten ari dira. EIT Manufacturing-ek sektorea lehiakorragoa, jasangarriagoa eta produktiboagoa izaten lagunduko du.

Hurrengo pausoak

EIT Manufacturing eta EIT Urban Mobility partzuergoei finkatzen laguntzeko, EITk martxan jartzeko diru-laguntza bana emango die elkarte irabazleei, gehienez lau milioi eurokoa, lehenbailehen egon daitezen erabat martxan.

Horizon 2020 proiektuaren esparruan, urtetik urtera handitzen ari da EITk bere berrikuntza-komunitateentzat duen urteko finantzazioa, eta 80 milioi eurotik gorakoa da orain. Berrikuntzek inbertsio publiko zein pribatu handiak erakartzea espero da, eta, hala, EITk egindako inbertsioa biderkatzea, eta pixkanaka hura ordeztea, harik eta epe luzera jasangarritasun finantzarioa lortu arte.

EIT 2018. urtean sortu zuten, Europako berrikuntza-ahalmena bizkortzeko. Aparteko ekimena da, eta enpresa, hezkuntza eta ikerketa osorik biltzen dituen bakarra. Institutuak sustatzen du Europa osoko unibertsitate, ikerketa-laborategi eta lehen mailako enpresen arteko elkarteak sortzea, non berrikuntza-komunitate horietako bakoitzak mundu mailako erronka jakin bati erantzungo baitio.