Epaimahaiak ekimenaren alderdi berritzaileak eta haren inpaktua, garrantzia eta transferigarritasuna goraipatu ditu
TECNALIA partaide den ERIGrid ekimenak Good Year of the Practice Award saria jaso du. Technological Innovation & System Integration kategoriako saria da, Renewables Grid Initiativek emana. Izan ere, hark aitortu du ekimenak “ikuspegi holistikoa” duela “sare elektriko adimendunetako sistema konplexuak ebaluatzeko”.
Sari horren bidez, Renewables Grid Initiativek ohiko ikuspegiaz harago doazen ekimenak saritzen, hedatzen eta goratzen ditu. Sektoreko eragile garrantzitsuek osatu dute nazioarteko epaimahaia, eta, bereziki, berrikuntzan, inpaktuan, emaitza neurgarrietan, garrantzian eta transferigarritasunean ipintzen dute arreta. Horrezaz gain, zenbait kidek edo entitatek batera lan egiteari ere garrantzia ematen diote.
Sariak emateko ekitaldia urriaren 29an egin zen, online, Europako Batzordeak (DG ENER) antolatutako 6th Energy Infrastructure Forum biltzarraren esparruan. Hartan, Europar Batasuneko energia-komisario Kadri Simsonek, Danimarkako klima- eta energia-ministro Dan Jorgensenek eta Europako Parlamentuko ITRE Batzordeko buru Cristian Busoik parte hartu zuten. ERIGrid ordezkatuz, proiektuaren koordinatzaile Thomas Strasserrek eta komunikazio- eta hedapen-arduradun Maria Sosninak jaso zuten saria.
Renewable Grid Initiative lankidetza-ekimen aparta da, eta Europa osoko GKEak eta energia-sistemaren garraio-operadoreak biltzen ditu. Sarearen garapen bidezkoa sustatzen dute, gardena eta jasangarritasuna bermatzeko modukoa. Hartara, energia berriztagarriek gora egiteko aukera ematen du, ikatza energia-sistematik guztiz baztertze aldera.
ERIGridi buruz
Automatizazio aurreratuko eta komunikazioko tresnak sartzearekin batera, ohiko energia-sistema eraldatu egin da, eta emaitza sistema ziberfisiko bat da, sare elektriko adimendun bat. Haatik, oraingoz ez dago ikuspegi bateraturik domeinu ugariko (domeinu elektrikoa, komunikazioak, kontrola, etab.) sistema horien konfigurazio konplexuak aztertu eta ebaluatzeko.
ERIGridek premia horri heltzen dio bereziki: ikerketa-azpiegitura paneuropar bat prestatu du, garapen teknologikorako eta smart grids deritzenen soluzioak eta domeinu askoko kontzeptuak ezartzeko lagungarri dena.
Ikerketan diharduten Europako 18 zentrok eta erakundek osatzen dute ekimena, eta TECNALIA haien artean dago, ikerketa-azpiegitura bikainak jarririk. Beste kideekin batera, denontzako metodo, tresna eta prozedurak garatzen ditu, ikuspegi holistikoari jarraikiz, konfigurazio ziberfisikoak ebaluatzeko. Halaber, sare elektriko adimendunen konfigurazioak aztertu, probatu eta baliozkotzeko ikerketa-zerbitzuak osatu eta hobetzen ditu, eta, gainera, zerbitzu eta instalazio horiek nazioarteko ikertzaile-taldeei eskaintzen dizkie (175 erabiltzaile); izan ere, 73 proiektu inplementatu dituzte ERIGrid laborategietan.
ERIGrid ekimenak aurrera jarraitzen du H2020 ERIGrid 2.0 proiektuaren bitartez.
Informazio gehiago
Proiektu honek Europar Batasunaren Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza programaren finantzaketa jaso du, 654113 diru-laguntza hitzarmenaren arabera.