Berria

Fabrikazio aditiboko eta sistema autonomoetako gure azken aurrerakuntza teknologikoak aurkeztuko ditugu Gasteizen, AEND biltzarrean

2019ko maiatzaren 20a

Saiakuntza ez-suntsitzaileen estrategia berriak, fabrikazio aditiboaren bidez fabrikatutako pieza aeronautikoak ikuskatzeko

Hegazkinen zati metaliko jakin batzuk fabrikazio aditiboaren bidez fabrikatuz, sektore aeronautikoaren emisio poluitzaileak murrizten dira, pieza ultrarinak eta oso forma konplexuetakoak (pieza bionikoak) erabiltzen baitira.

Saiakuntza ez-suntsitzaileen estrategia berriak garatzen ditugu fabrikazio aditiboaren bidez egindako aeronautika-piezak ikuskatzeko. Materialaren barne-egitura berezia izaten da, irisgarritasunik ez dute (piezak egituran bertan mihiztatuta egoten dira) eta ez da jakiten zer akats sor litekeen haiek erabiltzean; horiek guztiak kontuan hartuta, soluzio teknologikoak bilatzen ditugu.

Aerosorgailuen ardatz nagusien balio-bizitzaren hondarra automatikoki eta era ez-suntsikorrean ebaluatzeko modua aurkeztuko dugu: aerosorgailuen ardatz nagusietan neke-pitzadurak zergatik agertzen eta hedatzen diren azaltzen du, baita pitzadura horien ondorioz ardatza hautsi eta errotorea kolapsatu daitezkeela ere.

Kontuan hartzen dugu eskuzko ikuskapen ultrasonikoa aukera bat izan daitekeela, baina, teknika hori erabiltzeko, makina gelditu egin behar da, eta % 50era mugatzen du ardatzaren balio-bizitzaren hondarraren aprobetxamendua.

Ebaluazio-sistema autonomoa

Ardatzaren balio-bizitzaren hondarra ebaluatzeko, ultrasoinu bidezko sistema autonomo bat landu dugu, eta haren diseinua, garapena eta baliozkotzea azalduko ditugu. Egoeran oinarritutako mantentze-lanetarako sistema bat ezartzearen alternatiba bat da. Sistema hamar aerosorgailutan instalatuta, eskuzko ikuskapenarekin baino detekzio-ahalmen handiagoa lortzen da (eskuzko sistemak ez baititu hautematen ardatzaren konpresioguneko pitzadurak), eta ardatzaren balio-bizitza % 50-96 luzatzen.

Aurrerapen horiek Nekane Galarza eta Benjamín Rubio lankideek aurkeztuko dituzte AEND biltzarrean (Gasteiz, ekainaren 12tik 14ra).