Berria
Datu-espazioetan berrikuntzak egiten ditugu segurtasuna hobetzeko
Berria
HPDC – LC teknologia garatu dute, motor arinagoak fabrikatzeko eta merkaturatzeko
TECNALIAk, Fagor Ederlanekin batera, aluminiozko motor-blokeak eraikitzeko bidea jarri du, HPDC-LC teknologia garatuz. Teknologia horren azken bezeroa Renault etxea da, eta laster indarrean sartuko den Euro 7 araudia betetzen duten motor arinagoak fabrikatzeko eta merkaturatzeko erabiltzen da.
Fagor Ederlanek aluminioz fabrikatzen ditu motor-blokeak (orain arte burdinaz egiten ziren), industrializatzeko asmoz. Europako Horizon 2010 programako Core 4.0 proiektuaren esparruan, TECNALIArekin batera ekin dio Fagor Ederlanek lan horri. Azken erabiltzailea eta baliozkotzailea Renault etxea da, baina Rauscher eta FerroCrtalic enpresek ere hartzen dute parte partzuergoan.
Proiektuaren eta partzuergoaren biziak beste hamabi hilabetez luzatu dira, sortutako produktua bere saiakuntza-bankuan baliozkotzeko probak osatu ahal izan ditzan frantziar fabrikatzaileak. High Pressure Die Casting Lost- Core ( HPDC-LC) motako teknologia garatu da, motor-blokea aluminioz fabrikatzeko presio altuko galdaketa-prozesu bat, produktibitate handikoa eta oso kalitate oneko piezak ematen dituena.
Bloke horien osaerari esker, errekuntza-presio altuko motorretan erabil daitezke. Motor horiek aukera ematen dute, batetik, pisua 37,7 kg arintzeko, hots, ibilgailu baten batez besteko pisu osoaren % 3, eta, bestetik, automobilaren bizi-zikloan 500 kg CO2 gutxiago aireratzeko.
HPDC teknologia aspalditik erabiltzen da aluminioaren eta magnesioaren galdaketan: prozesu malgua da, oso produktibitate handia ematen du, eta piezen gainazalek kalitate handia dute. Hala ere, ez du balio pieza batzuetarako.
Frantziar fabrikatzailearen produktuaren geometria konplexua da, eta horregatik ari da baliozkotzen. Hori ikusita, HPDC-LC teknologia garatu da: ar zeramikoak garatu dira, estaldura erregogor batzuei lotuta, injekzio-prozesuan portaera ona izan dezaten. Esloveniako FerroCrtalic enpresak sortutako ekipamendu batekin garbitzen dira ar horiek, baina oso prozesu mantsoa da, eta horrek zaildu egiten du haiek industrializatzea eta seriean ekoiztea.
Renault dagoeneko fabrikatuta dauden blokeak baliozkotzen ari da Parisen. Emaitzak aurtengo apirilean edo maiatzean ikusi ahal izango dira.
Aldi berean, blokearen hozte-atorra berriro diseinatzen ari da, Fagor Ederlanekin batera, haren geometria sinpleagoa izan dadin, prozesuaren kontzeptua baliozkotu dadin eta, hala, haren industrializazioa osatu ahal izateko.