Berria

Fintze-prozesu berritzaile batek balio erantsi handiko konposatuak lortzen ditu olio eta koipeen finketaren hondakin-korronteetatik

2020ko urriaren 21a

Gaur egungo tratamendu-teknikak gogorrak dira, eta osagaien kalitatea degradatzen dute

IRODDI (Innovative Refining process for valorization of vegetable Oil Deodorizer DIstillates) ekimena —TECNALIA da buru— fintze-prozesu berritzaile bat garatzen ari da, olio eta koipeen finketaren hondakin-korronteei balioa emateko. Teknologia berdeetan oinarritzen da prozesua. Horrelako teknologiek baldintza leunagoetan erauzten eta garbitzen dute; hala, lortutako produktuek kalitate gorena mantentzea lor daiteke.

Olioak eta koipeak fintzeko prozesuaren azken etapetan, hutseko destilazioa erabiltzen da usain, kolore edo zapore onartezinak sortzen dituzten zenbait substantzia ezabatzeko. Desodorizazio-destilatuak (DODak) landare-olioen finketaren azpiproduktu bat dira, eta balio handiko zenbait konposatu ditu: tokoferolak, tokotrienolak, fitoesterolak, hidrokarburoak (esaterako, eskualenoa), gantz-azido askeak (Free Fatty Acids, FFA izenekoak), mono eta diglizeridoak, triglizeridoak…

DODetako gantz-azido askeak energia lortzeko bakarrik erabiltzen dira (bioerregaietarako), eta errentagarritasun ertaina dute.

Ekimenak —Europa osoan esperientzia handia duten zenbait erakundek hartzen dute parte— badu beste helburu bat ere: gantz-azido askeetatik abiatuta (Free Fatty Acids, FFAk), propietate hobetuak dituzten bioproduktu berriak lortzea.

Bioproduktu berriak lortzea 

  • Surfaktante biobateragarriak eta ingurumenari dagokionez begiratuak, ur hotzetan disolbagarriagoak (gantz-azido libreak kimikoki neutralizatuz likido ionikoak erabiliz).
  • Oinarri biodegradagarriko olioak, zuzenean biolubrifikatzaileen formulazioan erabili ahal izateko (destilatuen esterifikazio entzimatikoko erreakzioen bidez, glikolak erabiliz).
  • Poliol jasangarrien sintesia gantz-azidoetatik abiatuta, poliuretanoak ekoizteko.
  • Halaber, tokoferola eta eskualenoa berreskuratzea, konposatu horien kalitateari kalte egingo ez dioten teknologia berritzaileak erabiliz. 

IRODDIk frogatzen du bideragarria dela alternatiba biooinarrituen bidez lortutako konposatu horiek erabiltzea lehengai fosiletatik datozen konposatu konbentzionalen ordez.

Produktu horiek hainbat industria-sektoretan erabiliko dira: elikagai-kalitateko detergenteak (surfaktanteak), biolubrifikatzaileak (olio-oinarrikoak), itsasgarriak (biopoliolak) eta kosmetikoak (konposatu minoritarioak, hala nola eskualenoa).

Informazio gehiago

Proiektuaren martxan jartzearen berri emateko prentsa-oharra.

 

BBI JU Logo_official-short             BIC logo - high res            H2020 300ppp

IRODDI está financiado por la Bio-Based Industries Joint Undertaking (BBI JU)  bajo el programa de investigación e innovación H2020 de la Unión Europea bajo el acuerdo de subvención N° 887407.