Berria

Geotermiaren efizientzia hobetu, eta hura erabiltzea sustatu dugu Europan

2019ko ekainaren 11a

Garatutako teknologiak arrakastatsuak direla frogatu da Espainian, Grezian, Belgikan, Alemanian, Irlandan eta Kroazian egindako sei proba pilotutan

Azaleko energia geotermikoa energia-iturri berriztagarri bat da, eta edozein lekutan erabil daiteke. Lurraren barne-tenperatura aprobetxatzean datza, klimatizaziorako eta ur bero sanitarioa sortzeko.

Sistema, trukagailu eta bero-ponpa eraginkorragoak eta hasierako inbertsio txikiagoa behar dutenak garatuz, geotermiaren erabilera sustatzen dugu. Horretarako, erabiltzaile adituentzako instalazio geotermikoak diseinatzeko tresna bat eta erabilera sustatzeko beste bat garatzen lagundu dugu.

Geotermiaren erabilera sustatzeko tresna

Erabakiak hartzen laguntzeko web-tresna bat garatzen parte hartu dugu. Tresna horren bidez, beren instalazioetarako teknologia geotermikorik egokiena aukeratzen laguntzen diegu adituak ez diren erabiltzaileei. Abiapuntu hauek ditu sistemak: energia-eskariaren kalkuluak egiteko oinarrizko informazioa, batetik, eta sistema geotermikoen konfigurazioa eta neurriak, bestetik.

Kalkuluak egiteko, besteak beste, instalazioen lokalizazioa, dimentsioak eta tipologia hartzen ditu oinarri, eta teknologia geotermiko tradizionalak nahiz berriak hartzen ditu kontuan. Emaitza gisa, erabiltzailearen lehentasunen araberako irtenbide-multzo bat erakusten du, prezioari, bizi-zikloari, inbertsioaren itzulerari eta instalazio geotermikoak erabilitako eremuari dagokienez.

Energia geotermikoaren funtzionamendua

Sistema geotermikoek lurretik beroa hartzen dute, edo lurrari beroa ematen, hoztu edo berotu nahi duten. Horretarako, lur azpiko kolektoreak (panelak) erabiltzen dituzte; kolektoreen hodiek energia-trukerako ahalmen handia duen likido bat dute. Ponpa baten bidez, likido hori lur azpiaren eta eraikineko bero-ponpa baten artean mugiarazten da etengabe, bulkada-ponpa baten bidez. Neguan, lurraren berotasuna etxe barrura eramaten da, eta, udan, prozesua alderantziz egiten da, eta eraikineko beroa lurrera pasatzen da.

Energia geotermikoa erabiltzeko baldintza bakarra da lurraren barnealdearen eta gainazalaren tenperaturak desberdinak izatea, eta, beraz, egunean 24 orduz dago erabilgarri, urteko 365 egunetan. Potentzial handiko energia-iturria da, beraz, baina ez da behar bezala ustiatu.

Cheap-GSHPs proiektuaren baitan egin dira garapenak. Proiektu horrekin amaitzeko, nazioarteko mintegi bat egin zen 2019ko maiatzaren 22an eta 23an Venezian (Italia), UNESCOren egoitzan. Erabakiak hartzen laguntzeko tresna Cheap-GSHPs helbidean eskura daiteke.

044723 CheapGSHPs_captura_video_resultados


logo eu

CHEAP-GSHPs proiektuak Europar Batasunaren “Horizon 2020” Ikerketa eta Berrikuntza Programaren finantziazioa jaso du, 657982 zenbakiko diru-laguntzaren bidez.

 

Argibide gehiago

Amaia Castelruiz (647 402 337)