“Lan-ildo berriek aireko garraio-sistema jasangarriagoak ahalbidetuko dituzten teknologia disruptiboak garatzearen aldeko apustua egiten dute”
Zero emisioko propultsio-sistema elektrikoak hiriko eta hiriarteko mugikortasunerako erabiliko dira.
TECNALIAk hiri- eta eskualde-mugikortasunerako propultsio-sistema elektrikoei buruzko teknologien garapenean lan egiten du. Garapen horiek Espainian egindako ezaugarri horietako lehen propultsio-sistemak izango dira.
Lurreko propultsio-sistemen elektrifikazioak aurrerapen handiak lortu ditu teknologiari eta fabrikazioari dagokienez, baina aireko garraioari aplikatu beharreko segurtasun-baldintza zorrotzek eta energia-dentsitateak zaildu egiten dute sektore horretan propultsio elektrikoa erabiltzea. Horregatik, lan-ildo berriek aireko garraio-sistema jasangarriagoak ahalbidetuko dituzten teknologia disruptiboak garatzearen aldeko apustua egiten dute.
ITP Aerok, ekimen horietan liderra den konpainia aeronautikoak, sistema osoa integratzeko helburuarekin, potentzia-tarte oso zabaleko bost propultsio-sistema lortu nahi ditu, hots, 60 kilowattetik 600 kilowattera bitartekoak.
Propultsio-sistemaren kontrola
Halaber, TECNALIAn propultsio-sistemaren kontrola garatuko dugu. Sistema horrek motor elektrikoari eskatzen zaion potentzia erabaki, propultsio-sistemaren elementuak monitorizatu eta, baldin eta, arrazoiren batengatik, ezin bada eskatutako potentzia entregatu, aireontziaren kontrol orokorra egiten duen elementuari jakinarazi beharko dio.
Zero emisioko propultsio elektrikoko sistema horiek hiriko eta hiriarteko mugikortasuneko aplikazioetarako erabiliko dira, hala nola aerotaxietarako. Hiriak aireportuekin azkar lotzeko zerbitzuak, hiri barruko eta hiri arteko joan-etorriak, larrialdi zerbitzuak eta logistikako eragiketak egiteko baliatuko dira.
Lankidetza publiko-pribatua duten bi ekimen
Ekimen horiek publiko-pribatu lankidetzari esker ari dira garatzen.
- Espainiako Garapen Teknologiko eta Berrikuntzarako Zentroak (CDTI) diruz laguntzen dio Aperturas proiektuari. TECNALIAz gainera, parte hartzen dute ITP-Aero, Ingeteam, Egile, Zeleros eta Umiles-Next enpresek eta zenbait zentro teknologikok eta unibertsitatek, hala nola CTA, CEIT, Mondragon Unibertsitateak eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoak.
- Preludio ekimenak Eusko Jaurlaritzaren enpresetako I+G-ari laguntzeko Hazitek 2022 programaren dirulaguntza jaso du. Programa horretan parte hartzen dute ITP Aero, Ingeteam, Alconza, Antec, Suprasys eta Egile erakundeek, eta zentro teknologikoek eta unibertsitateek, hala nola TECNALIAk, CTAk, CEITek, Mondragon Unibertsitateak eta Ikerlanek.