Berria

Errealitate birtualaren bidezko murgiltze-artearekin esperimentatu dugu

2024ko urriaren 31a
Arte y neurociencia a traves de realidad virtual

"Esperimentuaren eskura jarri ditugu seinale psikofisiologikoen aldaketak neurtzeko eta egoera emozional espezifikoekin lotzeko baliabideak"

Arteak eragin onuragarria duela agerian utzi du egin dugun neurozientzia-ikerketa aitzindari batek

TECNALIAk, Silvia Sánchez artistarekin batera (silvia & the spyglass galeriaren sortzailea), arteari eta neurozientziari buruzko ikerketa aitzindari bat egin du, errealitate birtualeko murgiltze-artearen esperientzia bat bistaratzen dutenean ikusleek duten egoera emozionala neurtzeko. Ikerketak ebidentzia zientifikoak ematen ditu arteak ikusleengan duen eragin onuragarriari buruz, eta frogatu du gai dela erantzun emozionalen sorta zabal bat eragiteko, bai eta bisitarien hasierako egoera emozionala aldatzeko ere.

TECNALIAren giza faktoreen eta erabiltzaile-esperientziaren laborategiari esker, parte-hartzaileen seinale psikofisiologikoen aldaketak neurtzeko eta egoera emozional espezifikoekin lotzeko baliabideak jarri dira esperimentuaren eskura. Horretarako, teknologia hauek erabili dira:

  • Errealitate birtualeko betaurrekoak, 3D murgiltze-artearen esperientzia bistaratzeko
  • 12 elektrodoko diadema, garuneko jarduera neurtzeko
  • Bluetooth eraztuna, bihotz-erritmoa eta larruazalaren erantzun galbanikoa neurtzeko

Neurozientziaren eta artearen arteko konbergentzia inpaktu nabaria sortzen ari da gaur egun, eta modu berriak eskaintzen ditu artea sortzeko, ulertzeko eta baloratzeko. Berriki egindako zenbait ikerketak erakutsi dute garunaren ikerketak esperientzia artistikoa hobetu dezakeela eta aukera berriak ireki diezazkiekeela artistei zein ikusleei.

Aurrerapen nabarmenetako bat da neurozientzia erabiltzea hobeto ulertzeko nola hautematen eta prozesatzen duen giza garunak artea. EEG gailuen bidez (elektroentzefalograma) ikusleen garun-jarduera aztertzen da artelanak ikusten ari direla. Azterlanek erakutsi dute edertasunaren, emozioaren eta sormenaren pertzepzioarekin lotuta daudela jarduera-eredu neuronal batzuk.

Azterlanaren emaitzen inpaktua

Silvia Sánchez artista egiten ari den errealitate birtualeko murgiltze-artearen erakusketetan aurkezten ari dira ikerketaren emaitzak, Kanaria Handiko Kabildoaren kultura-zentroan, Murtziako Udalaren Cárcel Vieja kultura garaikideko zentroan, Irungo Udalaren Carlos Blanco Aguinaga Liburutegia Kultur Gunean eta Bilboko Azkuna Zentroan.

CM Málaga, Culture & Museums International Tech Forum azokan ere aurkeztu ziren emaitzak. 

Industrian aplikatzea

Pertsonaren egoera hautematea beste diziplina batzuekin uztar daiteke. Manufaktura-industriaren kasuan, adibidez, arrakasta handia izaten ari da, gorabidean dauden beste teknologia mota batzuekin uztartuta. Pertsonak zer egoera duen jakitean, sistemei jakinaraz dakieke informazio hori, beren portaera egokitu dezaten egoera hori egokia ez dela hautematen badute, pertsonari bere ongizate optimoa berreskuratzen laguntzeko.

Aurrerapen horrek akats, gorabehera eta istripu kopurua murrizten laguntzen digu, eta, beraz, baita produkzio-prozesu seguruagoak lortzen ere.