Berria
Zurezko taulen ekoizpeneko hondakinak balorizatzen ditugu
Berria
Bilbok eta Bartzelonak hiri bizigarriagoak sustatzeko Citython ekitaldiaren bigarren edizioa hartuko dute
Sei egunez, Bilbo eta Bartzelona izango dira 2021eko Citython ekitaldiaren bigarren edizioaren egoitza. Hainbat profil eta esperientzia duten ikasle eta profesionalak elkartuko dira, telematikoki, etorkizuneko hirietan mugikortasuna nolakoa izango den zehazten lagunduko duten soluzio berritzaileak garatzeko.
Bilbok lehen aldiz hartu du parte ekitaldi honen antolakuntzan, eta abangoardian jarri da hiri-mugikortasunaren arloan. Alfonso Gil Bilboko Udaleko bigarren alkateordeak azaldu duenez, “300.000 biztanletik gorako munduko lehen hiria da 30 km/h-ko abiadura ezartzen hirigune osoan, eta gaur egun erreferentea da munduan hiri-mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren arloan. Hiri gizatiarrago, irisgarriago eta solidarioagoa sortzeko lanean jarraitzen dugu, garraiobide jasangarriagoak erabiltzea lehenetsiz, hala nola bizikletaz eta oinez ibiltzea gure kaleetatik. Hori herritar guztien ahalegin bateratuaren bidez baino ezin da lortu”.
Bartzelonak Citython antolatzen parte hartzen du lehen ediziotik (2018), eta mugikortasun seguru eta jasangarriaren aldeko apustua egiten du hiriko auzo guztietan. Eugeni Rico Bartzelonako Udaleko Mugikortasun Saileko goi-ingeniariaren ustez, “mugitzeko modu jasangarriak sustatzea eta mugikortasun segurua bermatzea erronka handiak dira Bartzelona bezalako hiri batentzat. Izan ere, hiri bat pertsonen osasuna eta ingurumena errespetatzen dituen hiri atsegin bihurtzen da, baldin eta haurrei eta adinekoei oinez, bizikletaz eta garraio publikoz modu autonomo, eroso eta seguruan zirkulatzeko aukera ematen badie”.
Bi hiri, hiru erronka
Bilbo eta Bartzelonako 2021eko Citython uztailaren zortzian aurkeztuko da, jendaurreko ekitaldi batean. Daniel Serra Urban Mobility EITren Europako hegoaldeko zuzendariak, Alfonso Gilek eta Eugeni Ricok emango dute ekitaldirako ongietorria. Ekitaldian hiri-mugikortasuneko hiru erronka aurkeztuko dira, zenbait aditu aintzatetsiren eskutik: Nelinda Santos, Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeko kidea; Roberto San Salvador del Valle Doistua, Deusto Cities Lab Katedrako zuzendaria; Urrotz Larrañaga, Bilboko Udaleko Garraio Adimenduneko Sistemetako ingeniaria; eta Jesús de la Quintana, TECNALIAko Hiri Irtenbideetan Sortzen ari diren Ekimenen burua.
Edizio honetako parte-hartzaileek Bilbo eta Bartzelona hiriek proposatutako erronketako bati erantzun beharko diote:
Parte hartzeko izena emateko epea uztailaren 11n amaituko da, eta taldeek sei egun izango dituzte proposamenak lantzeko, uztailaren 14tik 21era, azken egun horretan aurkeztu beharko baitizkiote azken ideiak epaimahaiari. Parte-hartzaileek banakako tutoretza-saioetara joateko aukera izango dute, egindako lanaren feedbacka jasotzeko (uztailaren 16an eta 19an). Uztailaren 21ean iragarriko da nor diren irabazleak, eta 1.500 euro banatuko dira saritan. Horretaz gain, espazio bat izango dute beren soluzioa aurkezteko, azaroan Bartzelonan egingo den Smart City Expo erakusketan.
Informazio gehiago
Ekitaldia EIT Urban Mobility-k finantzatzen du: Europar Batasunak hiri-espazio bizigarriak sortzeko sustatzen du ekimen hori, eta Berrikuntzaren eta Teknologiaren Europako Institutuaren (EIT, ingelesezko siglak) babesa du. CARNETek antolatu du (CIT UPC-k sustatutako ekimenak), Bilboko Udalarekin, Bartzelonako Udalarekin eta TECNALIArekin elkarlanean.