Berria

ETSrekin hitzarmena sinatu dugu trenbide-sarean berrikuntzak garatzeko

2025ko martxoaren 13a
Convenio ETS TECNALIA

"Honako gai hauek landuko dira: hiri-inguruneen hobekuntza akustikoa, irisgarritasuna eta klima-aldaketari lotutako arriskuen minimizazioa”

TECNALIAk hitzarmen bat sinatu du Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko Sailarekin, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez, euskal trenbide-sarean aplikagarriak izango diren ekimen berritzaileak garatzeko

Hitzarmenak zenbait arlotako ikerketa barne hartzen du, hiri-inguruneetako akustika hobetzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean arriskuak minimizatzeko. TECNALIAk proposamenak egingo ditu, eta honako alderdi hauek aztertuko ditu: haien bideragarritasun teknikoa; kolektibo desberdinetan izango duen inpaktua; eta haien mantentze-lana.

Susana García Chueca Mugikortasun Iraunkorreko kontseilariak eta Antonio López ETSko zuzendari nagusiak TECNALIAk Zamudioko Parke Teknologikoan dituen instalazioen zati bat bisitatu dute, gure zuzendari nagusi Jesús Valeroren eskutik. Bisitan, bi erakundeek lankidetza estuan aurrera eraman dituzten ekimenetako batzuk ikusi ahal izan dituzte.

Hitzarmenaren faseak

Sinatu berri den hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du, eta ETSk 600.000 euro ordainduko dizkio TECNALIAri. Trukean, zentro teknologikoak sistema batzuk garatzen lagunduko dio erakunde publikoaren I+G+b sailari, zenbait fasetan bultzatu nahi dituzten hiru eremuak optimizatzeko.

  • Lehenengo sistemaren helburua da trenek trenbide-sarean zirkulatzean eragiten duten inpaktu akustikoa murriztea, eta, horretarako, sare barruan saiakuntza pilotuak inplementatzea. Horretarako, lehenik, zoruan eragiten diren zarata eta bibrazioak analizatu beharko dituzte zerbitzuan dauden lineetan (zurruntasuna eta bihurguneak kontuan hartuta), eman beharreko soluzioak identifikatzeko. Ondoren, sentsorizazio bibroakustikoko sistemaren eredua baliozkotuko dute, eta, azkenik, abian jarriko dituzte sistemak eta prozesuen automatizazioa, prototipo batean, kalitate akustikoa hobetzeko proiektu eta produktuetarako esperimentazio-eremu batean.
  • Optimizatu nahi den beste eremu bat geltokien irisgarritasuna da, baita nasa-trena interfazea ere. Horretarako, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboen proposamenak bilduko dira, tailer bidezko programa bat diseinatzeko eta egikaritzeko. Hurrengo urratsa izango da proposamenak teknikoki aztertzea eta erronka teknologikoak identifikatzeko mapa bat egitea. Amaitzeko, irtenbide teknikoen katalogo bat egingo da, eta, hala badagokio, araudiak aldatzeko proposamenak.
  • Hitzarmenaren azken zatian, Euskadiko trenbidera egokitutako metodologiak planifikatu eta garatuko dira, klima-aldaketak tren-azpiegituretan izango dituen ondorioak arintzeko edo saihesteko. Arlo horretan, lehenik eta behin, ondorio potentzialak identifikatzeari eta arrisku garrantzitsuak lehenesteari ekingo zaio, eta, ondoren, funtsezko arriskuen definizio metodologikoa eta datu-eredua zehaztuko dira. Azken zatian gai hauek landuko dira: puntu eta elementu kritikoen tipologiari loturiko egokitzapen-neurri orokorren katalogo bat; egokitzapen- eta monitorizazio-plan baten diseinua; eta esku-hartzeen diseinuko kasu pilotu bat.

Susana García Chueca Mugikortasun Iraunkorreko kontseilariak hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du, helburuak bat baitatoz berak zuzentzen duen sailaren helburuekin. "Hitzarmen honen bidez landuko ditugun hiru lan-ildoek datozen urteetan sakondu behar ditugun ardatz estrategikoei erantzuten diete, hala nola klima-aldaketaren erronkari eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeari: bai gure tren-zerbitzuen erabiltzaileena, irisgarritasunari dagokionez, bai gure azpiegituren eraginpean bizi direnena, arlo akustikoari dagokionez", nabarmendu du sailburuak.

Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiak azaldu duenez, "honelako akordioek lankidetzaren garrantzia erakusten dute teknologia berrien garapenean aurrera egiteko, bai eta mugikortasunarekin lotutako enpresen lehiakortasuna bultzatzeko ere. TECNALIAn etorkizuneko mugikortasunerantz aurrera egiteko irtenbide berriak garatzeko eta ezartzeko konpromisoa dugu, eta enpresei erronketara egokitzen laguntzeko lanean ari gara, industria-sarearen arazoei aurrea hartuta. Horretarako, teknologia- eta negozio-eredu berriak garatzen ditugu, ingurumenean inpaktu txikia izango duen etorkizuneko mugikortasun konektatu, efiziente, seguru, adimendun eta inklusiborantz aldatzen laguntzeko, teknologia eta garapen berritzaileak garatuz, hala nola elektrifikazioa, automatizazioa eta gidatzen laguntzeko sistemak —segurtasuna eta efizientzia hobetzen dutenak—, bai eta ibilgailuak arintzea ere —material berriak egokituz eta txertatuz—".

20 urtetik gorako lankidetza

Euskal Trenbide Sarea duela bi hamarkada sortu zenetik dator, ia, erakunde publikoaren eta TECNALIAren arteko lankidetza. Denbora horretan, hainbat ekimen garatu dituzte elkarrekin; besteak beste, Ermuko geltokiaren inguruan minibarrera akustikoen pilotu bat garatzea eta instalatzea, eta kalitate-kontrolak eta auditoriak egitea Euskal Y-aren Gipuzkoako adarreko zenbait zati egiteko.

Beste ikerketa-ekimen batzuk ere garatu dira elkarlanean: elektrizitate fotovoltaikoa sortzeko gaitasuna duten zarataren aurkako panelen probak; bideetan urruneko sentsorizazio-sistemak garatzea; eta bide-azpiegituretan material birziklatua txertatzeko berrikuntza-proiektuetan parte hartzea. Halaber, azpiegituraren nahiz material mugikor gurpildunaren zarata-mapa estrategikoak egitea eta haiek minimizatzeko ekintza-planak egitea.