Berria

Itsas barruko benetako ingurune batean saiakuntzak egiteko laborategi flotagarri bat jarri du martxan TECNALIAk, Europako lehena, eta BIMEPen egongo da

2018ko uztailaren 20a

Eusko Jaurlaritzak lagundu du laborategia eraikitzen eta instalatzen. BIMEP (Biscay Marine Energy Platform) plataforman kokatuko da, eta han hasiko da martxan. Itsas energiak itsas zabalean ikertzen dira plataforma horretan; Armintzan dago, eta Euskal Energiaren Erakundeak (EEE) garatu du.

Itsasoa energia iturri agorrezina da, baina baliabide energetiko izugarri hori ustiatzen duten enpresek zailtasun handi bat gainditu behar dute: sistema energetikoek oso ingurune kaltegarrian, itsasoan, biziraun behar dute. Hemendik aurrera, laborategi bat izango dute Euskadiko enpresek, Europako bakarra, materialak eta soluzioak itsas zabaleko ingurune erreal batean probatzeko. Laborategi hori TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak garatu du, Euskadiko zenbait enpresak babestuta, EAEko Energia Klusterrak koordinatuta eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Gaur goizean aurkeztu dute laborategia, Bermeoko portuan uretaratuta, eta han izan dira Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua eta EEEko lehendakaria, Iñaki San Sebastián, TECNALIAko CEOa eta José Ignacio Hormaeche, EAEko Energiaren Klusterreko zuzendari gerentea. Datorren astean, laborategia Biscay Marine Energy Platformera (BIMEP) eramango dute. BIMEP itsas energiak itsas zabalean ikertzeko plataforma, Euskal Energiaren Erakundeak (EEE) garatua, Armintzan dago; zaintza etengabea du, eta laborategia, HarshLab deritzona, bizkor atzitzeko aukera ematen du.

Informazio gehiago prentsa-oharrari buruz