Berria

Klima-aldaketak Donostian zer eragin duen ikertu dugu

2020ko martxoaren 25a

Naturan oinarritutako irtenbideak gure aliatuak dira haren ondorioak arintzeko

Klima Aldaketara Egokitzeko Plana onartu zuen Donostiako Udalak 2017an, eta, hari lotuta, klima-aldaketak Donostian dituen ondorioak aztertu ditu TECNALIAk.

Honela azaldu du Enrique Ramos Ekologiako zinegotziak: “Tenperaturak gure hirian dituen ondorioak aztertu ditugu. Hain zuzen, planaren beraren diagnostikoan esaten zen klima-aldaketak Donostian izan ditzakeen lau ondorioetako bat bero-boladak direla”.

Azterketan, mapa termiko bat egin da, Urbclim mesoeskalako hiri-klimako eredua eta informazio kartografikoa eta meteorologikoa erabilita. Donostiako estazio meteorologikoen datuekin baliozkotu dira emaitzak. Baliozkotze-prozesua amaitutakoan, zenbait indize termiko osatu eta mapatu dira: bero-boladen iraupena, maiztasuna, intentsitatea, gaueko tenperatura maximoak, eta abar.

Diagnostiko horren arabera, 2100. urterako: 

  • Gehieneko tenperatura 2,8 °C inguru igoko da, eta urtean 5-15 gau gehiagotan izango da 20 °C-tik gorako tenperatu minimoa.
  • Aurreikuspenen arabera, mende amaierarako orain baino 2-4 bero-bolada gehiago izango dira urtean. Eguneko tenperatura maximoak eta gaueko minimoak igotzeak eragina du osasunean.
  • Itsas azaleko batez besteko tenperatura 0,19 ºC igo da hamarkada bakoitzeko 1980tik 2015era bitartean. 

Halaber, hiriaren mapa termikoak adierazten du kostatik urrun dauden auzoek tenperatura altuagoak izaten dituztela.

Naturan oinarritutako sistemak aliatu garrantzitsuak dira tenperatura-igoeren eta bero-boladen eragina arintzeko; teilatu berdeak, landaredun patioak...

UrbanKlima ekimenaren esparruan, naturan oinarritutako irtenbideen katalogo bat osatzen ari gara, tenperaturaren eragina arintzeko. Dagoeneko hiri askotan jarri dituzte martxan horrelako soluzioak, hala nola Parisen eta Kopenhagen. Hiri horietan, zabaltza berdeen estrategia bat dute martxan, eta, horren ondorioz, eraikin berrietako teilatu lauek (30º baino gutxiagoko malda dutenek) berdeak izan behar dute 2020tik.