Berria

Klima-aldaketaren inpaktuak hobeto ezagutzeko baterako ekoizpena eta diseinua

2019ko ekainaren 14a

Uholdeek Bilbon eragin ditzaketen arriskuak txikiagotzeko aplikatua

“European Climate Change Adaptation (ECCA)” konferentziari esker, klima-aldaketara egokitzeko lanetan adituak diren profesionalek topagune ezin egokiago bat dute gai horren inguruko esperientziak, ikuspegiak eta garapenak prozesu koordinatu eta sinergikoetan elkarrekin partekatzeko. Hainbat sektoretako eragileak aritzen dira, helburu bera lortu nahian: klima-aldaketaren inpaktuak murriztea.

Baterako ekoizpena eta diseinua, uholdeek Bilbon eragin ditzaketen arriskuak txikiagotzera zuzenduak

Saioa Zorita lankideak bi ikuspegiren arteko alderaketa bat aurkeztu digu gaur. Hain zuzen, ibai-uholdeek Bilbo hirian eragin ditzaketen arriskuak txikiagotzeko zer egokitzapen behar diren definitzeko bi ikuspegiren artekoa.

Lehen ikuspegiak metodologia erdikuantitatibo bat proposatzen du, neurrien eraginkortasunari buruzko bibliografian dagoen informazioa erabiltzen duena. Bigarren ikuspegia, berriz, modelaketari eta simulazioari lotutako metodologia kuantitatibo batean oinarritzen da. Ikuspegi biak batera aplikatuta, esan daiteke proposatu diren bost egokitzapen-bideetatik hiru eraginkorrak izan daitezkeela Bilboren kasurako.

Emaitzak aztertuta, Bilboko hiriak zenbait irizpide aztertuko ditu zer egokitzapen-aukera inplementatu behar den lehenesteko, hala nola kostuak, mantentze-lanak, baterako onurak, onargarritasuna, e.a. Lanaren ondorioetako bat da ikuspegi erdikuantitatiboa aukera egokia dela baliabide gutxirekin egokitzapen-bide bat lortzeko.

Hala ere, ikuspegi kuantitatiboak aukera ematen du egokitzapen-aukeren eraginkortasun espaziala ezagutzeko. Horrek esan nahi du arrisku handieneko inguruen zooma egin daitekeela ikuspegi kuantitatiboarekin, eta aukerak behar bezain eraginkorrak diren ala ez ikusi. Ur-fluxuaren abiadurari buruzko informazioa ere ematen du, zeina zuzenean erlazionatuta baitago emariaren ondoriozko inpaktuekin.

Baterako produkzioa, inpaktu ekonomikoei eta zerbitzu klimatikoen balioari buruzko ezagutza handitzeko

Efrén Feliuren eskutik jakin ahal izan genuen nola handitu dezakeen baterako produkzioak inpaktu ekonomikoei eta zerbitzu klimatikoen balioari buruzko ezagutza: klima-aldaketaren inpaktuari lotuta, baterako produkzioaren eta baterako diseinuaren adibide batzuk aurkeztu zituen; adibidez, klima-aldaketara egokitzeko jardunbideen eta erresilientziaren identifikazioa eta azterketa, zerbitzu klimatikoen balioespena eta finantza-sektorearen inplikazioa lortzearen garrantzia.

Klima-aldaketari aurre egiteko plangintza egiteko datu fidagarriak eta iragarpenak

Sektore askotan, planak egiteko, erabakigarria da iraganeko eta gaur egungo datu klimatiko fidagarriak eta etorkizuneko iragarpenak izatea, hala nola hauetan: energia, garraioa, ura, hiri-plangintza eta eskualde-plangintza. Copernicus C3S-k, adibidez, Climate Data Store (CDS) eskaintzen du, halako informazioak doan emateko. Tresna erabilgarri bat izateaz gain, katalogo bidezko bilaketa-aukerak ere eskaintzen ditu. Horrez gainera onlineko tresna-sorta bat ere badu, erabiltzaileek beren beharretara egokitzen diren lan-fluxuak eta aplikazioak egin ahal izan ditzaten.

Jorge Paz lankideak trebakuntza espezifikoa eman du, Europako Batzordearen Copernicus programak garatutako Climate Data Store eta aipatutako tresnak erabiltzen ikasteko.