Berria

Korrosiotik babesteko eta propietate mekaniko eta tribologikoak hobetzeko berrikuntza

2019ko ekainaren 4a

Soluzio hauek proposatu dira: pantaila aktibo bidezko nitrurazioa, kromorik gabeko estaldura hibridoak eta metodo elektrokimikoetan oinarritutako karakterizazio zehatzago bat

Pump & Valves 2019 azokan, prozesu industrialetarako (kimikoa, petrolioa & gasa, uren tratamendua...) ponpa-sistema, balbula eta ekipamenduen eremuko balio-kateko enpresa nagusiak bildu dira: arazo zehatzei irtenbide zehatzak emateko soluzioak eskaintzen dituzten enpresak. Pump & Valvesek nazioarteko espazio bat eskaintzen du arazo tekniko bakoitzerako irtenbide jakin bat aurkitzeko, eskakizun teknikoei erantzun errealak emateko.

Bestalde, POLVERI & ECOCOATING 2019 Biltzarra eta azoka topagune espezializatu bat da: truke teknologiko eta komertzialerako gune bat da, hauts-pinturaren eta gainazal-estalduren aplikazioaren sektoreko makina, ekipamendu, kontsumigarri eta zerbitzuz hornitzen dituzten enpresei zuzendua.

Maila teknologiko handiko hitzaldiak izaten dira, eta aukera ematen dute hauts-estalduren eta aplikazio- eta ontze-sistemen berrikuntzarekin lotutako teknologiak aztertzeko, bai eta pintura industrialeko produktu, sistema eta prozesuen berrikuntza teknologikoa ezagutzeko ere.

Tratamendu termokimikoak

Pump & Valves 2019 azokan, Iñigo Bracerasek tratamendu termokimiko berriak aurkeztu ditu altzairu herdoilgaitzezko balbulen eta ponpen propietate mekanikoak, tribologikoak eta korrosioaren kontrakoak hobetzeko. Tratamendu-prozesuak egoki diseinatuta (azalaren garbiketa barne) eta pantaila aktibo bidezko nitrurazioa eginda (ASPN), nabarmen hobetzen dira altzairu herdoilgaitzezko gainazalen ezaugarriak. Hala, plasma bidezko nitrurazio konbentzionalak sortzen dituen arazo batzuk saihesten dira (mikroegitura desegokiak, jarraikortasunik gabeko geruza nitruratuak eta/edo lodiera aldakorrekoak…), altzairuek korrosioarekiko duten portaera arriskuan jarri gabe.

Estaldura hibridoa

Hain zuzen, korrosioaren arloarekin lotuta, POLVERI & ECOCOATING 2019 biltzarrean estaldura-sistema hibrido bat (organikoa-inorganikoa) aurkeztu zuen Uxoa Izaguirrek. Geruza mehekoa da, 3-5 µm-ko lodierakoa, eta elementu toxikorik gabea (ez du kromorik). Sistema horren bidez, babes handia lortzen da substratu metalikoen korrosioaren aurka (adibidez, aluminio-aleazioak, altzairu galvanizatua edo egituretako karbono-altzairua babesteko) korrosibitate handiko inguruneetan (itsas inguruneetan, adibidez).

Estaldura hibrido hori azken geruza gisa erabil daiteke (top-coat), edo bitarteko geruza gisa, pintatu aurretik. Estaldura hori ebaluatzeko, saiakuntza azeleratuak egin dira laborategian (gatz-lainoko ganberako saiakuntzak eta zahartze-saiakuntza ziklikokoak), eta, horietaz gain, esposizio-saiakuntzak egin dira itsas ingurune errealean. Offshore ingurunean egindako esposizio errealeko saiakuntzak Harshlab 1.0 laborategi flotagarrian egin dira, itsas zabaleko MiMEP eremuan.

Metodo elektrokimikoetan oinarritutako karakterizazioa

Halaber, POLVERI & ECOCOATING 2019 azokan, ebaluazio-sistemen esparruan, karakterizazio-teknika berri bat erakutsi zuen Jean-Baptiste Jorcin-ek, objektiboagoa, eta metodo elektrokimikoetan oinarritua. Inpedantzia elektrokimikoko espektroskopia bidez (IES) eta zahartze-ziklo konplexuetan integratuta, estaldura-sistemen esposizio errealean behatutako degradazio-mekanismoen antzekoagoak sortzen dira. Hala, babes-pinturen efizientzia zehatzago ebalua daiteke ohiko bidea erabiliz baino, hots, gatz-lainoko ganberako saiakuntzetan zahartutako probetei/osagaiei behatuz baino.

Harremanetarako: Marta Brizuela Parra, TECNALIAko Gainazal Ingeniaritzaren arduraduna.