Berria

Makina konektatuen, zibersegurtasunaren eta fabrikazio-prozesu berrien aldeko apustua darama TECNALIAk Basque Industryra

2019ko azaroaren 19a

TECNALIA eraldaketa digitalaren inguruko azken aurrerapenak erakutsiko ditu, enpresen lehiakortasuna hobetzeko baliagarriak

Industria modernoak etengabeko berrikuntza teknologikoa du oinarri; lehiakortasun handiagoa lortzea du xede berrikuntzak, eta industriaren mundua mundu digitalarekin uztartzea ekarri du, hots, 4.0 industria. Testuinguru horretan, TECNALIA soluzio teknologiko berriak ezartzen ari da; hala, aukera ematen die enpresei teknologia baliatuz emaitzak lortzeko, eta merkatuek finkatutako noranzkoan etorkizunera bideratzeko.

TECNALIAk jarduera-ildo nagusi hauetan dihardu enpresentzako 4.0 industrian: makina konektatuak, fabrikazio-prozesu berriak eta zibersegurtasuna. Hain zuzen, Basque Digital Innovation Hub-en nodoetako lauren kidea da TECNALIA, eta ekimen horren helburua da industria-arloko enpresei, batez ere ETE-ei, 4.0 industriaren erronkei aurre egiteko behar dituzten gaitasun teknologikoak ematea: Robotika Malgu eta Kolaboratiboa (nodo horretako koordinatzailea da), Fabrikazio Aditiboa, Zibersegurtasuna eta Material Berriak.

Hala erakutsiko du Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk antolatuta azaroaren 20an eta 21ean Bilbao Exhibition Centren (BEC) egingo den Basque Industry 4.0 biltzarrean. Laugarren industria-iraultzaz gogoeta egingo dute euskal enpresek biltzar horretan. Han, eraldaketa digitalaren inguruko azken garapen eta aurrerapenak erakutsiko ditu TECNALIAk, enpresen lehiakortasuna hobetzeko baliagarriak. Horretaz gain, TECNALIAk garatutako aerotaxia nabarmenduko da. Pertsonak eta kargak modu autonomoan hirietan ibilbide motzetan lekualdatzeko estatuko lehen prototipoa da. Kabina aerodinamiko batek osatzen du, eta lau drone ditu goiko eta beheko aldean.

Informazio gehiago prentsa-oharrari buruz