Lortutako baliabideek disko lunbarrean hernia berriro sortzearen arazoa konpontzen lagunduko dute.
NEOS Surgery neurokirurgia-sektorerako gailu medikoak garatu, fabrikatu eta merkaturatzen dituen oinarri teknologikoko enpresa bat da, eta itzuli beharrik gabeko 1,9 milioi euroko dirulaguntza jaso du Europako Berrikuntza Kontseiluaren (EIC) EIC Accelerator programatik, zeina enpresa txiki eta ertainak finantzatzeko Europako programa bat baita.
Enpresa 2003an sortu zen, Eurecat eta TECNALIA zentroen lankidetzari esker eta TECNALIA Ventures-en laguntzarekin —zeina TECNALIAren Deep Tech Venture Buildera baita—, eta lortutako baliabideak DISC Care™ gailuaren baliozkotze klinikoa egiteko erabiliko ditu. Gailu horrek disko lunbarra berriro herniatzearen arazoa konpontzen lagunduko du. Halaber, finantziazio horrek bermatzen du NEOS Surgery enpresak inbertsio pribatuko beste saio bat sortu ahal izatea teknologia hori Europako pazienteetara hurbiltzeko.
EIC Accelerator-ek hazteko ahalmen handia duten ETE berritzaileenak hautatzen ditu, produktu, zerbitzu eta negozio-eredu disruptibo berriak garatzen eta merkatura ateratzen laguntzeko. Dirulaguntzen azken deialdian, 18 herrialdetako 4.200 proiektu baino gehiago aurkeztu ziren, eta horietatik 38k bakarrik jaso zuten finantziazioa.
Diskoko hernia duten gaixoen bizi-kalitatea
NEOS Surgery-ko CEO eta bazkide, CataloniaBio & HealthTech -eko lehendakariorde eta Kataluniako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko (COEIC) Osasun Ingeniaritzako Batzordeko kide Lluís Chico-ren arabera, “Europako Batzordeak emandako laguntza honek NEOS Surgery-ren izaera berritzailea eta oinarri sendoa nabarmentzen du. Zalantzarik gabe, diru-laguntza horrek funts garrantzitsuak emango ditu DISC Care™ gailuaren segurtasun- eta eraginkortasun-azterketa azkartzeko. Ziur gaude soluzio mediko honek diskoko hernia duten pazienteei bizi-kalitatea hobetzen lagunduko diela”.
NEOS Surgeryren helburua da DISC Care ™ gailuaren inguruan Espainiako bost unibertsitate-ospitaletan egiten ari den azterketa klinikoa 2021ean amaitzea: ondoren, Europan eta Estatu Batuetan arautze-fasean sartzea, eta 2023an produktua merkaturatzen hastea. Konpainiak merkatuan ditu Cranial LOOP ™ eta Cranial COVER ™ gailuak: garezurreko kirurgiak tresna medikorik gabe ixteko erabiltzen dira. Bihotzeko kirurgiarako beste gailu berritzaile bat ere badu.
Inbertitzaile berria NEOS Surgeryn
Kataluniako Enpresa eta Jakintza Sailaren Avançsa erakundea, zeinak berrikuntza industriala sustatzen baitu, inbertsiogile gisa sartu da berriki NEOSen.