Berria

"VIXION": Industria 4.0 sustatzera bideratutako enpresa sortu dute SPYROk eta TECNALIAk

2017ko azaroaren 2a

Vixionen helburua da aitzindari izatea makinetarako konektibitate-soluzioen nazioarteko merkatuan

Teknologiaren transferentziaren alorrean Europan egiten den lan aitzindariaren emaitza dugu Vixion, non elkarlanean jardun baitira azken lau urteotan SPYROko eta TECNALIAko I+Gko sailak, makina-erremintaren sektoreko lau fabrikatzaile handirekin batera: Zayer, Ibarmia, Nicolás Correa eta Ona. Dagoeneko beren makinetan instalatua dute enpresa horiek aipatutako soluzioa, eta erreferentzia bihurtu dute industria 4.0n.

Soluzio berri hori eta enpresa berriaren eraketa direla medio, industria 4.0ren aitzindari izaten jarraitzen dute SPYROk eta TECNALIAk; horrez gain, "fabrika adimendunen alorreko" zenbait proiektutan ere ari dira parte hartzen, ikerketan eta ekimenak martxan jartzen. Hiru milioi euroko inbertsioa egingo dute konpainia horiek datozen hiru urteotan.

Makinen jokabideak aurreikusteko aukera ematen du Vixionek, datu historikoen jarraipena eginez eta mantentze-lan prediktiboko algoritmoak aplikatuz; hartara, aurrea hartzen die sor litezkeen arazoei, eta hobetu egiten du makinen produktibitatea. Aldatzen ari da, honenbestez, makinekin komunikatzeko modua, bai eta haiek fabrikatzekoa eta erabiltzekoa ere, eta ahalik eta etekin handiena atera dakieke.